Pasaiako badia eta Bristol lotuko ditu Evan Jonesek

Larunbatean 'Pasaia, Bristol and El Cristo de Bristol (1453-1600)' izeneko hitzaldia egingo da Donibaneko Kultur Aterpean, 12:30ean.

Larunbatean (hilaren 5ean) Bristoleko Unibertsitateko (Ingalaterra) irakasle den Evan T. Jones doktoreak Pasaia, Bristol and El Cristo de Bristol (1453-1600) izeneko hitzaldia emango du Donibaneko Kultur Aterpean, 12:30ean. Jonesek Pasaiako badiak eta Bristolek XV. eta XVI. mendeetan garatu zituzten merkataritza harremanak izango ditu hizpide etziko saioan. Harreman horiek parrokian gordetzen den Bristoleko Kristoa irudiarekin nolabaiteko lotura dutela adierazi du Iago Irixoa Historian doktoreak eta saioko aurkezleak. Artelan hori ere hizpide izango du Bristoleko Unibertsitateko irakasleak.

Evan Jonesen ikerketa gai nagusia Bristolek XV. mende bukaeratik eta XVI. mendean zehar garatutako harremanak direla jakinarazi du Irixoak. 1998an Bristoleko XVI. mendeko ontzigintzari buruzko tesi bat egin zuen Jonesek, eta Bristolek Euskal Herriarekin izan zuen harremanaren berri eman zuen bertan.

Larunbateko hitzaldia ingelesez izango da, baina itzultzaile batek hartuko du parte, zalantzak argitu eta galderak helarazteko helburuarekin.

Azken berriak

Harpidetu zaitez gure buletin irekira!
Astekarko eduki nagusiak, asteko albiste ikusienak, martxan ditugun zozketa eta egitasmoak, asteburuko egitarauen agenda eta askoz gehiago!
Ostiralero zure posta elektronikoan.