Dultzainak, sanferminen sinfoniaren zati
Antxoko Dultzainero Taldeak kaleak girotzeko ardura izaten du sanferminetan. Jon Arrizabalagak haien zereginaren gainean hitz egin du.
Antxoko dultzaineroak, maiatzaren 24ko Basari Egunean.Jon Arrizabalaga Doinu eta soinu asko izaten dira festetan. Antxoko sanferminetan ere hala da. Festa zuri-gorrien doinutegian azken urteetan are indar gehiago hartu dute dultzainek, haien sinfoniak. Horren erantzule Antxoko Dultzaineroen Taldea da. «Normalean astean behin-edo batzen gara entseatzeko. Festak hurbildu ahala maizago; Pasaiako jaien aurkezpenean izan ginen ekainaren 21ean, eta orain sanferminak ditugu. Ezpainak eta giharrak egoki mantendu behar ditugu, instrumentu exigentea delako dultzaina», esan du Jon Arrizabalagak. Harekin batera Toñin Markina Buñueleko (Nafarroa) antxotarrak eta Joanes Diez lezoarrak (atabalaria) osatzen dute Antxoko Dultzainero Taldearen enborra.
Erraldoi eta buruhandien konpartsarekin irteten dira sanferminetan, txistulariekin partekatzen dituzte kalebuelta horietan musika jartzeko ardurak. Gainera, festetako egun batean, kanpotik iritsitako hainbat dultzaina talderekin herriko kaleak girotzen dituzte, aurten asteartean (hilaren 8an). «Ederra da dultzaina jotzaileen topagune hori. Musika lanak eginda, denek elkarrekin bazkaltzen dugu. Egun oso polita da guretzat, berezia», aitortu du Arrizabalagak. Etorriko direnen artetik Oiartzunen bizi diren bi antxotar aipatu ditu musikariak, Vanessa Ziaurritz eta Ane Gil. Biek, astearteaz aparte, beste egunetan ere lagunduko dute.
Gozamena da haientzat herriko festen sinfoniaren zati izatea. Pasaian jotzen dute batez ere, «Antxon gehienbat».
Erreferenteak
Dultzainarekin nolatan hasi zen galdetuta, gaztetako erreferentziak aipatu ditu Arrizabalagak. «Irungo Urantzu Dultzaina Taldea edo Perez de Lazarraga ikusitakoak naiz herrian garai batean. ‘Eta gu, zergatik ez?,’ esan genuen. Manu Beltranekin Pasaia Musikalen ikasten hasi, eta aurrera jarraitu genuen. Hasieran Txomin Beguerekin eta Aitor Ciarekin hasi nintzen, hark utzi eta segitu nuen, gaur arte. Batez ere Urantzukoak eta Perez de Lazarraga izan ziren nire erreferentzia».
Jo, festan murgildu, eta herritarrak murgilarazi. Kaleak girotu, eta ondo pasa. Sanferminen sinfoniaren zati da Antxoko Dultzaineroen Taldea.
