Beste hiru greba egunera deitu ditu ELAk erresidentzia eta eguneko zentroak
Herrialdeko hitzarmen berriaren negoziazioan "blokeoa" gainditzeko eta sektoreko langileen "prekarietatearekin" bukatzeko grebara joko dutela azaldu du ELAk, hilaren 9,10 eta 11n.
Asteazkenetik ostiralera arte grebara deitu ditu ELA sindikatuak erresidentzia eta eguneko zentroetako langileak. Protestaren oinarrian, hitzarmen berriaren negoziazioan dagoen blokeoa gainditzeko eta sektoreko langileen prekarietatearekin bukatzea jarri ditu sindikatuak. Gogor salatu du patronalen jarrera, ez baitute ELAren hitzetan, langileen aldarrikapen bat bera ere kontuan hartu.
Datuak ere eman ditu sindikatuak. Eta hala, Gipuzkoan 5.000 bat langile ari direla sektorean azaldu du, ia denak emakumeak. Oarsoaldea eta Bidasoari begira jarrita, bertan diren zentroen %90 Gipuzkoako Foru Aldundiak finantzatzen duen zerbitzu publikoa izanik lan baldintzak “prekarioak” direla nabarmendu du eta adibideak jarri: langileen %40ak borondatezkoak ez diren kontratu partzialak ditu, “hori enpresa probatu eta irabazi asmorik gabe deklaratzen diren gehienek mozkinak lortu eta negozio logika batean oinarritzen den zaintza sistema eusteko bakarrik esplikatzen da”.
Zaintza sistema “erdigunean” jarri eta zaintzaileen lan baldintzak hobetuko dituen hitzarmena eskatzen duela azaldu du ELAk. Horren barruan sei oinarri ezinbesteko ezarri ditu sindikatuak: Langile guztientzako %100eko jardunaldiko kontratuak; soldata arrakalarekin bukatzea; 32 orduko lan astea, eta erretiroa aurreratu ahal izateko formulak ezartzea; arrisku psikosozialen plan adostuak; zerbitzuak euskalduntzeko baliabideak; eta trantsizio ekosozialean aurrera urratsak egitea, bertako produktuak txertatuz jatorduetan, besteak beste.
Eskaera horiek oinarrian, grebara deitu ditu ELAk sektoreko langile guztiak, “uste dugu, aldarrikapenak entzun eta lortu ahal izateko aukera bakarra dela greba eta mobilizazioaren bidea”.
Foru aldundiari ere egin dio eskaera, baliabideak jar ditzan, “aukera paregabea da genero arrakalarekin bukatu, eta zaintza lanak erdigunean jarriko dituen bestelako eredu bat ezartzeko”.
Hiru greba egunera eta hiru manifestaziora deitu du sindikatuak. Hilaren 9an, asteazkena, Donostian izango da Gipuzkoako Plazatik hasita 11:00etan; hilaren 10ean, osteguna, Errenteria-Oreretan Sanmarkosene erresidentziatik abiatuta 10:30ean; azkenik, hilaren 12an, larunbatarekin, Donostiako Kontxako hondartzan barrean egingo dute manifestazioa, 11:30ean hasita.
