Sendagaien erabilera hobetzeko programarekin bat egin du Lezok
Herriko bi farmaziekin indarrak batu ditu udalak. Etxeko laguntza zerbitzuaren erabiltzaileei edo familia inguruneko zaintzarako prestazio ekonomikoa jasotzen dutenei begirako zerbitzua abiatuko dute.
Hiru ordezkariak, herriko bi farmazialarirekin batera. Lezok eta herriko farmaziek indarrak batu dituzte. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailarekin eta Gipuzkoako Farmazialarien Elkargo Ofizialarekin hitzarmen bat sinatu berri du herriak, gaur egikaritu dutena. Adostasun honen arabera, herriko bi farmaziak udaleko zerbitzuekin lankidetzan ariko dira aurrerantzean, “radar” figura izango dute, Mikel Arruti alkateak aipatu bezala, “behar soziosanitarioak dituzten egoerak detektatzeko”. Etxeko laguntza zerbitzuaren erabiltzaileek edota familia inguruneko zaintzarako prestazio ekonomikoa jasotzen dutenek erabili ahal izango dute zerbitzu berri hau.
Gaur egikaritu dute akordioa Mikel Arruti alkateak, Gipuzkoako Farmazialarien Elkargo Ofizialeko presidente Miguel Angel Gastelurrutiak eta Eusko Jaurlaritzako Farmaziako zuzendari Jon Iñaki Betolazak. Hiru aldeak pozik agertu dira akordioarekin eta ekarriko dituen onurak nabarmendu dituzte, batetik, medikazioaren erabilera eta tratamenduekiko atxikidura hobetuko delako haien arabera, eta bestetik, gizarte zerbitzuekin lankidetzan behar soziosanitarioko egoerak detektatzeko farmaziek radar gisa betetzen duten rol sozial hori probestuko dutelako.
Hala, aipatutako bi herritar talde hauei (etxeko laguntza zerbitzuaren erabiltzaileak eta familia inguruneko zaintzarako prestazio ekonomikoa jasotzen dutenak) sendagaietarako sarbidea erraztuko diete. Horretarako, herriko farmaziak zaintzaile nagusiarekin edo etxeko laguntzailearekin elkarlanean ariko dira, sendagaiak erosi, kontserbatu eta emateko. Jarraipen zehatza izango dute kasu guztiek.
Udaleko gizarte zerbitzuek programaren eta bere funtzionamendu baldintzen berri emango diete erabiltzaileei. Noski, baimena eman ondoren, zerbitzua emango dien farmazia aukeratuko dute, haiek nahi dutena. Hartu-eman baten ondoren, farmazialariak astean behin edo hamabostean behin prestatu eta entregatuko ditu beharrezko botikak, informazio guztiarekin eta dosifikazio sistema pertsonalizatuarekin.
Gaur sinatutako akordio honek hainbat egoera jaso edo aurreikusten dituela aipatu du Arrutik, eta horien aurrean, farmazia komunitarioak pertsonei informazioa eman eta dagozkien gizarte zerbitzuetara jotzera bideratuko dituela. Bestela, farmaziatik hitzordua eskatu ahalko da eta zuzenean jarriko da harremanetan udaleko gizarte zerbitzuekin. Honakoak dira programak aurreikusitako egoera horiek: bakardadea, autonomia pertsonalaren galera edo mendekotasun arriskua, familia zaintzaileen gainkarga eta amore ematea, indarkeria matxista edo familia barruko indarkeria, adinekoei tratu desegokia edo tratu txarra ematea eta gizarte zerbitzuek aztertu eta esku hartu behar dutela uste den beste egoerak.
Hiru aldeak, pozik
Arrutik “oso positibotzat” jo du akordioa: “egunero farmazietara bertaratzen diren pertsonek konfiantzazko pertsonak topatzen dituzte haietan, eta espazio horiek, zerbitzu bat eskaintzaz gain, pertsonak zaintzen dituzte, egoera kalteberenetan dauden pertsonen ongizatea bermatzen dute, eta babes sare bat osatzen dute. Horregatik, oso positiboa da hainbat esparrutako eragile eta erakundeekin lankidetzan aritzea lezoarren ongizaterako”. Herriko farmazietan onura hauek aplikatu ahal izatea “pozgarria” dela erantsi du.
Gastelurrutiak, bestalde, udalari farmazietan jarritako konfiantza eskertu dio, “udaleko gizarte zerbitzuen aliatu gisa”, eta “lankidetza horren garrantzia” nabarmendu nahi izan du, “lezoarren osasuna eta bizi kalitatea hobetzeko, hori baita erakunde guztiok mugitzen gaituen helburua”.
Betolazak, azkenik, zenbait datu eman ditu. Lezorekin, 59 udalerri dira dagoeneko programa honekin bat egin dutenak eta aipatu duenez, aurten 2.500 dira Araba, Bizkai eta Gipuzkoan laguntza hau jasotzen dutenak, horietatik 770 Gipuzkoan. Iaz 70.000 dosifikazio sistema banatu zituzten eta horrek “zerbitzuaren garrantzia eta farmazialarien lana islatzen” duela nabarmendu nahi izan du. Programak erabiltzaileen artean “oso harrera ona” duela erantsi du.
