Irmo salatu du Pasaiako Udalak igandeko eraso matxista
Udalerrian indarkeria matxistaren adierazpen bakar bat ere ez duela onartuko esan du udalak erakunde adierazpen bidez.
Igandean emakume bati eraso egin zion haren bikotekide ohi gizonak, urruntze agindua hautsi eta hainbatetan haren kontrako indarkeria erabiliz. Zaurien eraginez emakumea ospitalera eraman zuten. Erasoa irmo gaitzetsi du Pasaiako Udalak, bertan ordezkaritza duten alderdi politiko guztiek adostutako erakunde adierazpen bidez. “Publikoki adierazi nahi dugu emakumeenganako indarkeriaren aurkako jarrera agertzen jarraituko dugula. Halako erasoek ez dute lekurik gure gizartean, eta erakunde, elkarte eta herritarrok lanean jarraituko dugu, norbanako guztiok edonolako indarkeriarik gabe bizi gaitezen”.
Herritarrei dei egin die mugimendu feministak antola ditzakeen arbuio mobilizazio eta ekintzekin bat egin dezaten, “udaletik ere bat egingo dugu mugimendu feministak eraso hori salatzeko egiten dituen ekintzekin”.
Udalerrian indarkeria matxistaren adierazpen bakar bat ere ez duela onartuko adierazi du udalak: “Bortizkeria honi aurre egiteko ardura kolektiboa da, eta Pasaian ez gara isilik geratuko: indarkeria matxistarik ez!”.
