Oarsoaldean, langabezia tasarik altuena Pasaiakoa eta apalena Oiartzungoa
Eskualdeko tasa orokorra %8,2koa da; Pasaiakoa %8,9koa, eta Oiartzungoa %6,2koa. 3.155 langabe daude Oarsoaldean denera.
Oarsoaldea Garapen Agentziaren Behatokiaren barruan dauden datuen arabera, Oarsoaldeko langabezia datu orokorra (2025eko maiatzaren 31ko datua da) %8,2koa da, 3.155 langabe daude eskualdeko lau herrietan. Horien artetik, tasarik altuena Pasaiakoa da, %8,9koa zehazki (808 langabe); Oiartzungoa da apalena %6,2koarekin (341 langabe). Tartean dira Lezo (%7,5, 245 langabe) eta Errenteria-Orereta (%8,5, 1.761 langabe). Gipuzkoako langabeen ehunekoa (2025ko maiatzaren 31koa hura ere) %7,2koa da; Araba, Bizkai eta Gipuzkoakoa batuta %9,3koa. Lanbideren datuetan oinarritutakoak dira zifra horiek guztiak.
Sexuari dagokionez, emakume gehiago daude langabezian gizonak baino eskualdean. Emakumeen tasa orokorra %9,07koa da, eta gizonena %7,32koa.
Iazko hilabete berberean, Oarsoaldeko langabezia tasa orokorra %8,4koa zen, beraz, urte batetik bestera jaitsi egin da. 2020ko maiatzean, pandemia betean, %12,1ekoa izan zen eskualdeko langabeen zenbatekoa, eta azken urteetako daturik okerrena 2013ko maiatzekoa izan zen, %16,5arekin.
