Pasaiako etxez etxeko langileak, borrokara
Pasaiako Udalarekin lortutako aurrerapenak, zerbitzuaren kudeaketa duen enpresak bere onurarako erabiliko dituela salatu dute langileek.
Atzoko elkarretaratzearen une bat. Borrokaldiarekin hasiko dira Pasaiako etxez etxeko langileak. Hala iragarri dute ELA eta LAB sindikatuek. Atzo elkarretaratzea egin zuten Trintxerpen, eta hilaren 17rako (osteguna) bi orduko lanuztea iragarri dute, 10:00etatik 12:00etara. Arrazoia: Pasaiako Udalarekin adostutako onurak, etxez etxeko zerbitzuaren esleipena duen Maria Goxara enpresak haren etekinetara bideratu nahi dituela, langileen arabera. “Onartezina da zerbitzu hori azpikontratatuta duen enpresak, Matia Goxarak, diru publikoarekin zaintzaren kontura negozioa egin nahi izatea, langileen lan baldintzak prekarietate egoeran iraunaraziz”, esan dute sindikatuek. Atzo bertan izan zuten enpresarekin bilera langileek: “Enpresak aurretik mahai gainean jarri zituenak atzera bota ditu, eta negoziazioa erabat blokeatu du”. Beraz, horri aurre egiteko, borrokaldiarekin hasiko dira beste behin langileak.
ELAk eta LABek adierazi dute Pasaiako Udalarekin hainbat hilabeteko negoziazioak egin zituztela, soldatetan nahiz bestelakoetan eragiteko, tartean lanaldien partzialtasunean. “Lan-baldintzak parekatzeko bidean, urratsak emateko borondatea duela agindu digu Pasaiako Udalak, eta bide horretan, gure hitzarmena hobetzeko baliabide ekonomikoak agindu dizkigu.
Alde batetik, herritarrei eskainiko dien zerbitzuan, zerbitzu ordu kopurua igoko du. Era honetara herritar gehiagok izango dute zerbitzua jasotzeko aukera eta gaur egun jasotzen dutenek, zerbitzu hobea jasoko lukete. Baina aldi berean, lanaldi ordu kopurua handituz, langileok pairatzen dugun partzialitatea murriztu liteke. Honela soldata duin baten egonkortasuna edukitzeko aukera izan genezakeelarik”, zehaztu dute langileek.
Baina udalarekin landutakoa eta adostutakoa, langileentzat izatea nahi dute, ez esleipena duen enpresarentzat. “Enpresaren jarrera salatu nahi dugu. Gure lan baldintzak hobetzeko hainbat bileraren ondoren lortu dugun udalaren ekarpena, gure hitzarmenera bideratu behar da. Ez dugu onartuko gu prekarietate egoera batean mantentzeko nahia, ezta gure lanaren kontura zerbitzua kudeatzen duen Matia Goxarak dituen onurak handitzea ere. Egiten dugun lana, ezinbestekoa da Pasaiako herritarrentzako, eta dagozkigun lan baldintza duinak eta hitzarmena aldarrikatzen ditugu”.
Aldi berean, langileek berretsi dute etxez etxeko zerbitzuak udalaren eskumen propiokoa izan beharko lukeela, publikoa alegia, eta ez azpikontratatua. “Horren ondorioz, emakume langileok oso lan baldintza eskasak ditugu eta diskriminatuta gaude antzeko zereginak egiten dituzten gainerako langileekin alderatuta”.
