Tabako kerik gabeko bonuak nahi ditu PSE-EEk
Udalerriko saltokiak sustatzea helburu duten azken bi bonu kanpainetan 50.000 euro bideratu zirela tabakoa erostera diote sozialistek, eta erabilera mugatzeko klausula bat txertatzeko eskatu dute.
Tokiko merkataritza txikia sustatzeko udalak antolatutako kanpainetako bonuak tabakoa erosteko erabil ez daitezela eskatu du PSE-EEk, eta hori horrela izango dela bermatzeko, klausula txertatzeko kanpainaren araudian. Kezkatuta dituen datu bat eman dute sozialistek; esan dutenez, azken bi bonu kanpainetan ia 50.000 euro bideratu dira tabakoa erostera, “diru publikoa da, eta gazteei begira egingo den kanpaina berrian egoera hori zuzentzea eskatzen dugu urgentziaz. Horretarako baldintza txertatzea nahi dugu: Ezin direla bonuak erabili tabakoa erosteko”.
Hori horrela, udalean Aizpea Otaegi alkateari eta Leire Mazizior Garapen Ekonomikorako zinegotziari zuzendutako idatzia aurkeztu duela azaldu du alderdi sozialistak, “ez baita onargarria erakunde publiko batek diru publikoa tabakoaren kontsumoa sustatzera bideratzea”.
2020az geroztik ari da tokiko merkataritza sustatzeko bonu kanpainak antolatzen Errenteriako Udala alderdi politiko guztiekin adostuta Bizi Errenteria programaren barruan. Erreminta positiboki baloratu du alderdi sozialistak, “hala ere ez dugu uste auzoetan duen eragina hobetu beharra dagoela”.
