Harri-txintxarrez jositako ondare erreplikak
Udalerriko eraikin esanguratsuenen erreplikak egin ditu Juan Mari Arrillaga Lujanbiok, urteak eman ditu harri ñimiñoak josten eta detailerik txikiena ere leial jasotzen bere maketetan.
Arrillagaren lanak hilaren 18ra arte bisitatzeko aukera izango da.Imanol Saiz Gomez de Segura Torrekua, Morrontxo, Mikelazulo, udaletxea, Zubiaurre Jauregia, Andra Mari Jasokundearen parrokia, San Marko gotorlekua, Panier Fleury jatetxea… Errenteria-Oreretaren historian eta ondarean ezinbestekoak diren eraikin horiek eta beste batzuk ere maketetara eraman ditu Juan Mari Arrillaga Lujanbio errenteriarrak. Altxor handi horien erreplikak diren maketen atzean, orduak eta orduak, eta batez ere pazientzia ikaragarri handia dago. Harri eta teila txiki-txikiak banan-banan bata bestearen gainean jarri eta itsatsita eraiki ditu paretak tentu handiz, horiek osatuta jarri ditu teilatu eta kanpandorreak, baita detaile txikienak ere, eskuz.
Bere lanaren emaitzarekin Fanderia auzoko Burdinola jatetxean atsegin hartu daiteke. Bertan izango ditu urte luzeetan mimo ikaragarriz eraikitako maketak ikusgai hilaren 18ra arte. Argiztatu ere egin ditu, eta horrek are ikusgarriagoak egiten ditu eskuz sortu dituen beirategi txikiak.
Erakusketaren ondoan hartu du HITZA bere lanaz hitz egiteko Arrillagak, harro. Zailena zein izan den galdetuta, azkar erantzun du: «Andra Maria Jasokundearen parrokia. 6.000 harri izango ditu, banaka jarriak dira denak, eta bi urte oso eman nituen bukatzeko. Egun batzuetan bi ordu ematen nizkion, asteburuetan askoz ere gehiago; guzti-guztiak jubilatu aurretik eginak dira». Lezoko Interal lantegian egin du lan 40 urtez, «EREa dela eta borrokan dira langileak». Erretiroa hartuta dago orain, baina ez duela denborarik maketak egiten jarraitzeko dio.

Andra Maria Jasokundearen Parrokiaren erreplika egiteko 6.000 harri eta bi urte oso behar izan zituen Arrillagak.
Bigarren erakusketa
Harri txikiak eta teilak erosiak dira, baina gainontzeko elementu guztiak irudimena erabilita sortuak direla azaldu du. «Leiho, balkoi, beirategi, parrokiako apostoluak, kanpandorrea… Ordu mordoa dago horien atzean, denak eskuz sortuak direlako egurra eta plastikoa erabilita, oro har. Ez dago halako piezarik salgai, eta denbora eman behar da nola eta zerekin egin pentsatzeko, eta ondoren, egiteko».
Ederrak dira erreplikak, detaile guztiak dituzte eta herriaren ondarearen isla ere badira. Hala ere, bitan baino ez ditu erakutsi Arrillagak, eta horrekin penatuta azaldu da: «Duela zortzi urte egin nuen erakusketa lehen aldiz Fanderiako auzo elkartean, eta orain hemen, Burdinola tabernan. Saiatu banaiz ere, beste inon ez dut lortu erakusketa egitea». Etxean eman dituzte urte horiek guztiak eraikin txikiek, argia ikusi nahian, herritarrek begira ditzaten gogoz. Baina horren ordez Arrillagaren alaba zaharrenak hutsik utzitako gelan, armairu gainetan, eta ganbaran hartu dute aterpe maketa ederrek.
Ez ditu hara itzuli nahi, erakusketa iraunkor batean irudikatzen ditu, jendearen begi bistan, nahi duen orok goza ditzan: «Gustatuko litzaidake 18an erakusketa erretiratzerakoan etxera itzuli behar ez izatea lan hauek, bertan hautsa hartzen baino ez dira izango, mantenuak ere denbora eskatzen duelako eta hori tentuz egitea oso delikatuak direlako. Udalari lagapena egin eta hark erakusketa batera eramatea jendaurrera gustatuko litzaidake. Ate batzuk jo nituen bere garaian, baina erantzunik ez dut jaso».
Egin duen azken lana Madalenaren ermita izan da. «Beste material bat erabili dut horretarako, kartoi papera. Ez nau gehiegi ase, askoz ere ederragoak dira harriz egindakoak». Harriz egindako azkena, berriz, Agustinak auzoko eliza izan da, «planorik ez dago eta argazkien bidez egin behar da guztia. Argazki mordoa atera eta ordenagailura pasatzen ditut eskalara eraman eta detaile guztiak ikusteko. Lan guztietan egin dut horrela».
Bisitari ugari
Penatuta dio berriro oso jende gutxik ikusi duela egindako lana. «Jende ugarik esaten dit inguruan saltzeko, baina bat bera ere ez dut saldu nahi, dena herriko lekuren batean ikusgai izatea nahi dut, jendeak eskura izan dezan ikusteko, eta horretarako lagapenean emateko prest nago. Jendeak ikustea nahi dut, egindakoak erabilera bat izan dezan eta ez nire etxean edo ganbaran gordeta izatea».
Maketa erakusketa joan den hilaren 20an zabaldu zuen Arrillagak. «Bi egunerako behar zuen hasiera batean, eta Fanderiako auzo elkartearen egoitzan jai egitarauaren barruan egitekoak ginen. Gero, Burdinola jatetxean egiteko aukera eskaini zidaten, eta bertan denbora luzeagoz egotea. Primerakoa iruditu zitzaidan proposamena eta aurrera egitea erabaki nuen, lekua ere oso aproposa iruditzen zaidalako».
Ordutik jende ugari pasa da erakusketatik maketak ikustera: «Jaien testuinguruan jende ugari hurbildu da, baina horiek bukatuta ere, egunero jende asko etortzen ari da. Niretzat ikaragarri pozgarria da hori, nire lana ahalik eta jende gehienarengana heltzea nahi dudalako».
Bertaratzen direnen iritziak ere jaso ditu maketa egileak, eta horiekin ere pozik azaldu da. «Ikaragarri gustatzen ari zaio jendeari eta hori garrantzitsua da niretzat, egindako lana aitortzen duelako, balioan jartzen duelako. Denek galdetzen didate nola den posible lan hauek etxean izatea, ez dute ulertzen erakusketa iraunkor batean-edo ez edukitzea».
Erakusketara bertaratu ez direnek aukera dute oraindik ere. Zabalik izango da hilaren 18ra arte. Burdinola jatetxea zabalik da aste osoan 11:00etatik aurrera, astearteetan izan ezik; egun horretan itxita izaten da. Oraindik ere erakusketa ikusi ez duten herritarrei gonbidapena egin die Arrillagak, «uste dut interesgarria dela ikusteko, gure herrian dagoen ondarea ezagutzeko, eta bide batez, akatsen bat ikusten badute niri jakinarazteko».
