Hemezortzi elkarteren bakailaoa, Niessenen txapelketan
Niessen elkarteak XLIV. Elkarte Arteko Bakailao Txapelketa antolatu du. Eskualdeko hemezortzi elkartek parte hartuko dute lehian, hilaren 14tik 18ra.
Iazko ekitaldia Donibaneko Yola elkarteak irabazi zuen.Niessen elkartea Niessen elkarteak XLIV. Elkarte Arteko Bakailao Txapelketa antolatu du, madalenen atarikoen testuinguruan. Hilaren 14tik (astelehena) 18ra arte eskualdeko hemezortzi elkartek euren bakailao lapikoak aurkeztuko dituzte elkartean, eta epaimahaiaren esku utzi. Haiek erabakiko dute nor izango den irabazlea. Iazko aldaketari eutsi dio Niessenek; izan ere, aurreko txapelketak pil-pil erako bakailaoa egitekoak ziren. Orain, era librean kozina dezakete elkarteek arraina, “bere irudimena landuz” elkartearen esanetan.
Astelehenean Ostarte, Alkartasuna, Beraun Bera eta San Huberto elkarteek emango dizkiete, Niessenen, euren bakailao sorkuntzak epaileei. Asteartean Lagunak, Niessen, Aldeguna eta Itsas Mendiren txanda izango da. Asteazkenean (hilaren 16an) berriz Euskaldarrak, Bi Errota, Arditurri eta Txepetxa izango dira plateren egileak; eta ostegunean Landare, Amulleta, Gau Txori eta Hermanos Camino elkarteek dute entrega. Azken egunean Lore Txorta eta Yola elkarteak azalduko dira elkartean kozinatu dutenarekin. Entrega horiek, egunero, 20:00etatik aurrera eta 12 minutuko tarteetan egingo dituzte elkarteek.
Ostiralean (hilaren 18an), azken bi elkarteen entregarekin batera, sari banaketa eta luntxa egingo dituzte 20:30ean hasita. Epaimahaikideen taldea honakoa da: Karlos Gonzalez (sukaldaritza irakaslea), Sihara Nuño (idazlea eta margolaria; txapelketaren kartela hark egin du), Maider Barros (eskubaloi jokalaria) eta Aitor Arandigoien (Arraunlari Berri jatetxeko sukaldaria).
Iazko edizioan Donibaneko Yola elkartea izan zen txapelketaren irabazle, Bi Errota (Errenteria-Orereta) bigarren, eta Euskaldarrak (Errenteria-Orereta) hirugarren.
