"Ongi etorri euskararen herrira", udan, Lezon
UEMAren kanpainaren bitartez bisitariekin harremana duten sektoreetako establezimenduetan euskararen presentzia areagotuko da.
Mahai gainekoa, kanpainaren euskarrietako bat.UEMA Udan kanpotik etorriko direnak izango dira Lezon, bisitariak edo turistak. Horren harira, UEMAk (Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak) Bertatik bertara kanpaina abian jarriko du berriz ere erakundearen barruan dauden udalerrietan, beraz, Lezon ere bai. Kanpainaren xedea da bisitariekin harremana duten sektoreetako establezimenduetan (zerbitzuak, ostalaritza…) euskararen presentzia indartzea, kanpotik etorritakoek ikus eta nabaritu dezaten bertako hizkuntza euskara dela. “Ongi etorri euskarara” esango diete haiei herriko establezimenduek. Gainera, herrian bertako lanketa ere bada Bertatik bertara-k eskaintzen duena, langileen eta bisitarien arteko euskarazko harremana lantzearekin batera, Lezoko establezimenduetan bertan euskararen tokia handituko delako.
Lezoko Udalak jakinarazi du hainbat baliabide izango dituzte herriko negozioetako ordezkariek euskararen presentzia areagotu dadin, eta aldi berean, bertakoen eta etorriko direnen euskarazko harremana indartu dadin. Hala, Euskal Herri osoan, 300.000 mahai gaineko banatuko dira ostalarien artean, gurea euskararen herria dela nabarmentzen duen diptikoa zabalduko dute bisitariak hartzen dituzten guneetan, eta merkatariek eta ostalariek zerbitzua euskaraz emateko baliabideak jasoko dituzte: kartelak, menuak eta gainerakoak euskaraz jartzeko itzulpen eta diseinu zerbitzua, euskarazko musika zerrendak (aurtengo berritasuna), online hiztegiak eta abar.
Mahai gainekoetan kanpainaren berri jasotzeko izango dute hori begien aurrean izango dutenek. Gainera, euskarri horretan euskarazko oinarrizko hiztegi bat ere izanen da, baita euskarazko musika zerrenda batera bideratuko duen QR kodea ere. QR bidez ere, sei euskal herritarren bideoa (behealdean dagoena) ikusi ahal izango da, hainbat azalpen sei hizkuntzatan ematen dituztelarik.
