Espainiako Auzitegi Gorenaren epaia salatzeko, elkarretaratzeak
UEMAk larunbat honetarako mankomunitatearen kide diren herrietan deitu ditu elkarretaratzeak. 12:00etan izango dira Lezo eta Oiartzunen.
Mahaian, Martin Aramendi UEMAko lehendakaria eta Irune Urbieta lehendakariordea. Atzean, zuzendaritza batzordeko beste hiru kide. UEMA “Euskara bigarren mailako hizkuntza izatera kondenatu dute, beste behin ere“. Horrela hasi du Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA) gaur egin duen agerraldia. Martin Aramendi UEMAko lehendakariak izan du hitza, eta jakinarazi du Euskararekin bat lelopean UEMAko kide diren herrietako udaletxeen aurrean elkarretaratzeak egingo dituztela larunbatean (hilak 19), 12:00etan, eta euskalgintzako eragileak eta herritarrak deitu dituzte deialdiarekin bat egitera.
Gauzak horrela, elkarretaratzeak egingo dituzte Lezoko eta Oiartzungo Udaletxeen atarietan.
Azken orduetan jakin denez, VOX alderdi espainiarraren eskariz, Euskal Autonomia Erkidegoko udal legearen dekretutik baliogabetutako artikulu gehienak atzera bota ditu Espainiako Auzitegi Gorenak, eta, euskara lehenetsiz gero, hizkuntzen koofizialtasuna urratzen dela ebatzi dute sententzian.
Aramendiren hitzetan, ordea, euskara ez da beste hizkuntza ofizialen parekoa, ezta ofiziala den lekuetan ere. Gauzak horrela, zerrendatu du Europako Hizkuntza Gutxituen Sareak adierazi duela euskara larrialdi linguistikoan dagoela, eta baita minorizazio gorrian ere. “Euskara jazarria, debekatua eta isildua izan da mendeetan zehar. Hizkuntzak ez dira galtzerdiak bezala galtzen. Desagerrarazi egiten dituzte. Euskararekin ere ahalegindu dira, eta gutxitu dute, baztertu dute, eta baita bigarren mailakoa bihurtu ere. Hori da gaur egungo egoera ulertzeko abiapuntua“.
Ildo beretik, lehendakariak argi utzi du Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea direla, eta ez, aldiz, Udalerri Elebidunen Mankomunitatea, eta, euskarari dagokion lekua ematea euskararentzat “justizia egitea” dela gaineratu du gero.
“Udalerri euskaldunentzat mugarria izan zen EAEko udal legea, elebitasun simetrikoa gainditzeko eta euskara lehenesteko aukera eman zuelako. Ezagutu berri dugun epaiak, ordea, udal legea kimatu eta ebatzi du ezin dela neurririk hartu hizkuntza koofizialetako bat gailentzeko, horrek berak urratu egingo lukeelako koofizialtasuna”, jarraitu du.
Atzoko epaiaren larritasuna izan du hizpide Aramendik, eta, haren hitzetan, euskal gizartearen eta euskal erakundeen erabaki demokratikoen aurkakoa izateaz gain, azken hamarkadetako hizkuntza politiken aurkakoa ere badela gaineratu du. Era berean, euskararen ofizialtasuna zalantzan jartzen duela esan du. “EAEko udal legeak hizkuntza eskubideak urratzen dituela dio Espainiako justiziak, beste behin ere euskaldunon hizkuntza eskubideak alde batera utzita“.
Gauzak horrela, UEMA osatzen duten 118 udalen eta horiek ordezkatzen dituenen izenean “eredu izatea eta erantzukizunez jokatzea dagokigula” esanaz jarraitu du lehendakariak. “Justizia behar du euskarak, eta Espainiatik heldu dena, beste behin ere, ez da justizia, euskara bigarren mailara kondenatzen duen epaia baizik. Horregatik, aukera guztiak aztertu, eta prest gaude EAEko udal legea dagokion lekuan defendatzeko, baita Europako auzitegietan ere, zerbitzu juridikoek horretarako aukera ikusiz gero“.
Horrela amaitu du hitzartzea Aramendik: “Ez diogu uko egingo euskaraz aritzeari. Ez diogu uko egingo euskarak behar duen justiziari“.
Esteka honetan dago UEMAren adierazpena, osorik.
