Lehen sektorea ote gazte oiartzuarren etorkizuna?
Hilaren 1etik 31ra Oiartzungo zenbait etxaldetan nekazaritza eta abeltzaintza praktikak egiten ari dira sei gazte. Oiartzun Burujabeko Elikadura Mahaiak abiatu du egitasmoa.
Lekungarai gaztandegian artzain gazta egiten dute. Oiartzungo Udalak eragile ekonomikoekin eta herritarrekin batera sortu duen egitasmoa da Oiartzun Burujabe. Herritarrak hobeto, osasuntsuago, elkarren babesean egotea eta elkarri laguntzea dira, besteak beste, iniziatibaren helburuak, eta behin indarrak batu zituztenean zenbait sektore aztertu zituzten taldeko kideek. Ikerketa horren ondorio bost mahai sektorial izan ziren, ondokoak, hurrenez hurren: elikadura, zaintza, energia, kultura, eta euskara eta kulturartekotasuna.
Ikasturtean zehar zenbait ekintza egin dituzte mahai horietako kideek, eta, gaur-gaurkoz, Elikadura Mahaiko auzolan praktika ordainduak burutzen ari dira zenbait herritar Lekungarai gaztandegian, Larremotz gaztandegian, Elika kooperatiban, Arraztalo kooperatiban edota Arane behi esnekietan.
Ioana Iñiguez Elikadura Mahaiko kidea da, eta honako azalpena eman zion Hitza-ri duela hilabete: “Ikusten dugu geroz eta gutxiago nabarmentzen direla lehenengo sektoreko ekoizleak, eta horri bultzada eman nahi genion”. Esan, eta baita egin ere. Herriko gazteek nekazaritza eta abeltzaintza barrutik eta lehen eskutik nola diren ezagutzea nahi zuten, eta ez dago zalantzarik: ezarritako helburuak betetzen ari dira.
Irene Sierra Oiartzunen bizi da, eta Lekungarai gaztategian ari da praktikak egiten. Irakaslea da ofizioz, baina kalean itsatsitako karteletan zein Instagrameko iragarkietan praktikaldi horien berri izan zuenean ez zuen bi aldiz pentsatu. “Santurtzikoa izanda aurretik ez dut harreman esturik izan lehen sektorearekin, eta irekita eta gogotsu nengoenez nekazaritza eta abeltzaintzan, bietan izena ematea erabaki nuen. Handik denbora batera Oiartzun Burujabekoek deitu zidaten esateko Lekungarai gaztandegian egingo nituela praktikak, eta izugarrizko ilusioa egin zidan horrek. Bikoteari eta bioi ilusio handia egiten digun zerbait da, eta aurrera begira agian egingo genukeen zerbait da”, dio Sierrak.
Aurreikuspenik gabe hasi zen lanean santurtziarra Lekungarain; «ez nekien oso ondo zer izango zen, baina pentsatzen nuen baserrian ibiliko nintzela gaztak egiten». Sierrak kontatu duenez, hasieratik denbora gehiago igaro du Amaiarekin Nikolasekin baino [Amaia Larrañaga eta Nikolas Mitxelena Lekungaraiko langileak dira], baina biek harengan konfiantza osoa jarri dutela kontatu du, pozarren. “Dena oso ondo eta oso argi azaltzeaz gain, askatasuna eman didate gauzak nire erara egiteko. Esaterako: gaztari buelta nola eman erakutsi zidaten, eta segidan esan zidaten beste moduren bat aurkitzen banuen prozedura egiteko, eta emaitza eurenaren berdina zen bitartean, lasai egiteko. Gainera, esaten zidaten kontutan hartzeko ikasten ari naizela, eta akatsak egiteko aukera beti dagoela”, jarraitu du.
Kezka sortzen du etorkizunak
Amaia Larrañaga duela hogei urte hasi zen gaztak egiten. Beste lan bat zuen aurretik, eta haurdun geratu zenean kaleratu zuten. Haren bikotea, ordea, artzaina da, eta garai horretan langile bat behar zuenez, Larrañagak berak erabaki zuen lan horretan hastea. “Azkenerako bertan geratu nintzen, eta oso gustura gainera”. Artzain gazta egiten dute Lekungarain; ez daude Idiazabal izendapenaren barruan, baina mota horretakoa egiten dutela zehaztu du.

Elika eta Arraztalo kooperatibetan ere ari dira auzolan praktika ordainduak egiten zenbait gazte.
Sierra ari da eurekin praktiketan, eta hiru astean zehar gazteak izan du aukerarik ikusteko baserria zer den eta zertarako balio duen. “Ireneri ondo jatea eta bertako produktuak kontsumitzea gustatzen zaio, eta badu kezka bat. Hortaz, kezka hori asetzeko eta ikusteko ea bere lanbidearekin baserriko lanak egin ditzakeen gurean ari da lanean”. Hots, Larrañagak nabarmendu du Sierrarekin izaten ari diren esperientzia ona dela.
Goizeko zortziak aldera joaten da santurtziarra baserrira, eta eguneroko beharren arabera antolatzen da. Asteko egun batzuetan kameretan dauden gaztei buelta ematen die, gazta salmenta ere egiten du, eta baita multzoak sortu zein eskariak antolatu ere, salmenta puntuetara eramateko. “Ukuilua garbitzen ere aritu naiz Nikolasekin, eta ardiak sendatu ez ditudan arren, ikusi dut nola egiten den. Pasa den astean sasi-garbitzeko makinarekin ere aritu nintzen lanean. Orain, hala ere, udako lanak egiten ari gara, negurako prestatzen, alegia”.
Gaztea “oso eskertuta” dago aukera honekin. “Badira baserrietan bizi diren pertsonak eta egunerokoan ezagutu dutenak bizimodu hori, baina hirian bizi garenok zaila izaten dugu lehen sektorera gerturatzea, hortaz, ikasteko aukera izatea eta ordaindua izatea aukera ona izateaz gain, beharrezko iniziatiba dela deritzot”.
Askotan entzuten da lehen sektoreak ez duela erreleborik, baina Sierrak hausnarketa bat egin du afera horren harira: “Agian ez dago erreleborik, gazteriaren zati batek ez duelako errealitate hori ezagutzen edota ez duelako ikusten lanbide modura. Ezagutuko balute, edo gertuago edukiko balute, agian artzain gehiago egongo lirateke”. Horrexegatik dio, hain justu, beharrezkoa dela praktikak egitea.
Sierrak, bestalde, kontatu du lagun batekin hitz egin duela gaiaren inguruan, eta hark esaten diola animatuko litzatekeela gazta egitera, baina deskantsuak arduratzen duela: “Hemen [baserrian] lana dago astelehenetik igandera, baina gazteen beharrak eta baserriko errealitatea nola uztartu darabilkit buruan. Pentsatzen ari naiz zer egin daitekeen belaunaldi berrietako errealitate eta beharrei erantzuteko lehen sektoretik eta baserri mundutik”.
“Hau ez da gaizki bizitzea”
Larrañagak, ordea, bestelako iritzia du baserriei dagokionean, uste baitu ez direla ikusten; “gizarteak ez du bultzatzen”. Hala ere, gaztagileak nabarmendu nahi izan du baserriko bizimodua ez dela “gaizki bizitzea, beste era batera baizik”.
Kontatu du industria bezala tratatzen dituztela, baina ez lukeela horrela izan behar, produktore txikiak baitira. “Ez dugu erraztasunik”, azaldu du.
Elikadura Mahaiko kide Ioana Iñiguezek aurreratu du ez dutela oraindik egitasmoaren gaineko baloraziorik egin, praktikaldia bukatu arte itxarongo baitute horretarako, baina uste du “modu batera edo bestera” egingo dutela zerbait. Haatik, argi utzi du “oso kontentu” daudela lortutako emaitzarekin.
