Txistulariek eta haien lagunek madalenak girotu dituzte
Handia izan zen atzoko Madalen Aurreko Txistulari Kontzertua. Handia ikuskizuna, eta handia publikoaren erantzuna.
Alaitz eta Maider, atzo, Zumardiko oholtzan. Sekulako atarikoa izan zuten atzo madalenek. Madalen Aurreko Txistulari Kontzertua jaso zuen Zumardiak atzo arratsaldean. Jendez gainezka, eta artea nonahi zela izan zen herriaren erdiguneko zabalgunea. Xabier Vesga Elizalde, Udal Txistulari Bandaren zuzendariaren gidaritzapean aritu ziren musikariak, eta Euskal Herri osotik etorritako dozenaka txistulariekin batera, gonbidatu bereziak elkartu ziren atzokoan madalenei ‘kaixo’ esateko: Alaitz eta Maider oiartzuarrak. “Gure bigarren herria izan da guretzat Errenteria”, esan zuten haien emanaldia hasi aurretik. Jare Anzisar Salvador eta Julen Olaizola Lizarazu Xenpelar Bertso Eskolako kideek bertsoak eskaini zizkieten bertaratuei Alaitzek eta Maiderrek euren saioa hasi aurretik. Madalenetako omendu Arantxa Otegi baserritarrari ere aitortza egin zioten.
Ohiko izaten du txistularien emanaldiak jendearen harrera. Urtez urte landutako emaitza da hori. Beti espero dute ikusleek elementu berririk, eta atzokoan ere hala izan zen. Adibidez, Alaitz eta Maiderrek haien klasikoak abestu zituzten, tartean Ispilu aurrean eta Amets bat piezak izan zirelarik, nahiz Txanpon baten truke ikonikoa; Herri Arte Eskolako dantzariak izan zituzten lagun, txistulariez gain. Bereziki une gozoak bizi izan ziren oiartzuar abeslariekin.
Kontzertuaren pasarte batean, gainera, Izar Inbuluzketa txistulari elizondoarrak bere tartea izan zuen; Euskal Herriko Txistulari Gazteen Txapelketako txapeldun izan da lau urtez nafarra, eta nola ez, txistularien alardea izan daitekeen horretan tartea izan zuen.
Isidro Ansorena ere gogoan izan zuten atzokoan. 50 urte bete dira txistulari eta konposatzailea hil zenetik, eta haren Amona Kontxa eta Ana Mari piezak jo zituzten, publikoaren oniritzi zabalarekin, musikariek; haren piezak bitartean Ereintza Dantza Taldeko kideek parte hartu zuten, baita Gipuzkoako ereserkia interpretatu zenean ere, Ipuscoa izena lehengoz aipatu zenetik 1.000 urte bete baitira aurten. Zaria Abesbatzako kideek emanaldi osoan jarri zieten ahotsa musikarien doinuei.
Herriko festen ikur diren asko ere izan ziren emanaldian. Tartean, Maialen eta Xanti erraldoiak, nahiz buruhandiak. Nola ez, Errenteriako dianarekin bukatu zen txistularien pregoi handia.

