Gora baserritarrak, gora madalenak!
Hasi dira festak; aurretik bost egun, 101 ordu eta 150 ekitalditik gora gozatzeko.
Madalenetako txupinazoa. Hasi dira festak, aurrerantzean bost egun, 101 ordu eta 150etik gora ekitaldi dituzte errenteriarrek gozatzeko. Berezia izan da txupinazoa; urtero errepikatzen den festa errituaren gidoian aldaketarik ez bada ere, urtero-urtero berezia delako. Zazpietarako minutu parea falta zela abestu du bertsoa Emaitz Murua bertsolariak. Azken urteetako mezu bera, baina lehenengoz bertsolari batek kantatua: Nola herriak eraiki diren, harri multzo bat hazita, gure harriak herri bat dira, bizilagunak bizita. Madalenetan, festak, gozatu mutil-neskak, txupinazotik hasita! Errenterian bizi naiz eta, egin zaidazu bisita. Txalo zaparradarekin erantzun dio lepo zen plazak.
Haren ondotik Arantxa Otegi baserritarrak piztu du txupina. Ez da bakarrik izan balkoian, haren semea eta beste hainbat baserritarrek lagunduta eman die hasiera madalenei aurtengo omenduak. Mezu motza eta zehatza harena: “Gora baserritarrak”.
Txupinak eztanda egitearekin batera hasi da Musika Banda Zentenarioa jotzen eta plaza dantzan eta kantuan, txunpa, txunpa, txunpa… eta une horretatik aurrera murgildu da herria eta herritarrak festan.
Txupinazoan ez dira falta aldarriak eta hala, ikurrina eta Nafarroako bandera erraldoiak izan dira presente jai hasiera handian eta batez ere, jendetsuan. Gaur ere mundu bat bildu da Herriko plazara. Euskal Herriak erabakitzeko eskubidea ere aldarri,baita Ernai gazte antolakundearen pankarta Independentzia, Sozialismoa, eta feminismoa aldarrikatzen ere.
Aurten ere ez da posible izan. Txupinazo garbia urrun dela argi gelditu da, txupina piztu baino ordu erdi lehenago irina, arrautzak, keptxupa, eta mostaza airean usain eta suma zitezkeen. Saiakera bizia egiten du jai batzordeak, baita udalak ere txupinazoa garbia izan dadin; hurrengo urtera arte itxaron beharko.
Festa, festa eta festa aurretik, adin eta gustu denak asetzeko moduko ekitaldi zerrenda amaigabea. Gozatzeko deia beraz herritar denei, baita herri kanpotik etorriko direnei ere. Berriro mezu argia jai batzordeak eta Errenteriako Udalak: Indarkeria matxistarik gabeko herria eta jaiak nahi dituzte, eta bide horretan deia herritar guztiei, erantzukizunez joka dezaten, festa egin dezaten, baina bistatik kendu gabe alboan gertatzen dena: “Errenteria-Orereta den bezain eredugarriak izan daitezela festak”.
Madalenetako egitarau osoa Herri Bizian ikus daiteke egunez egun (klik hemen)
