Hasi da atzerako kontua
Mahaiaren bueltan elkartu dira dozenaka lagun herri bazkarian, elkarrekin abiatzeko Herriko Plazara txupinazora.
Herri bazkarian dozenaka lagun gaur. Bazkari herrikoiak dozenaka lagun bildu ditu Koldo Mitxelena ikastetxeko jolastoki estalian. Jai batzordeak antolatutako hitzordua, atzerako kontaketa egiteko une paregabea bilakatu da. Bertan hasten dira jaietarako girotzen adin eta eremu ezberdinetako herritarrak, elkarrekin batera egiteko txupinazorako bidea Herriko Plazaraino.
Jatekoak eta edatekoak bai, baita musika ere. Horrek ere ez du hutsik egin, txupinazora gerriak askatuta eta entrenatuta iristeko Zentenarioa dantzatzeko. Musikaren ardura DJ Ikerren eskutik helduko da.
Haurrak eta gazteak protagonista
Bataburrunba (17:15) eta Mila Koloretako Txupinazo Txikiaren txanda helduko dira berehala, eta 19:00etan Holi txupinazoa Gernika plazan gazteei begira eta txupinazo nagusia udaletxeko balkoian. Arantxa Otegi baserritarrak piztuko du, baserria, lurra eta herriaren uztarketa irudikatuko duen txupina, eta harekin batera egingo du eztanda plazak.
Maialen eta Xanti irtengo dira ondoren buruhandiekin batera eta EMKE Musika Bandarekin batera herriko kaleetan barrena ibiliko dira.
19:30ean beste hitzordu bat. Etxeratzearen aldeko Madalenen egitarauaren barruan Etxera! Brindisa egingo dute oilasko karpan.
Lasaitasunetik bizi nahi dutenek ere izango dute aukera. Izan ere, zuzenean ahalko da ikusi, eta eserita, Zumardiko pantaila erraldoitik txupinazoa. Bi ordu baino ez dira falta 101 orduko festa sasoiari hasiera emateko. Herritik herriarentzat diren festak, indarkeria matxistarik gabekoak nahi dituztela gogorarazi du berriro jai batzordeak, baita Errenteriako Udalak ere, eta esaldi bakarrera eraman dute hori: Eroso ez bazaude, erasoa da. Lelo horrekin aktibatu du udalak aurten ere, indarkeria matxistarik gabeko madalenen aldeko protokoloa. Jaiak gozatu ahaztu gabe herritar denen egitekoa dela erantzukizunez eta inguruan gertatzen dena bistatik galdu gabe jardutea.
