Gaur jaietako egun handia
Goizean zehar herri kirolak, Xanti eta Maialen buruhandiekin batera, EMKE Musika Bandaren Madalenetako kontzertua eta Panier Guneko bakarrizketa izan dira protagonistak.
Udane Ostolaza harri jasotzaile oriotarra gaur zumardian. Madalenek egun handia izan dute gaur, Madalen Eguna. Giro bikainarekin esnatu da eguna eta goizetik bertatik ikusteko ugari izan dute herritarrek. Herri kirolek hartu dute Zumardia eguerdian eta bertan aritu dira erakusketa paregabea eskaintzen Udane Ostolaza eta Elene Ostolaza oriotarrak, eta Estefania Etxebeste iturendar harri jasotzaileak. Harri jasotzen ere, Jokin Eizmendi eta Imanol Royo Lartain zarauztarrak eta Jon Unanue Goenatxo azkoitiarra.
Aizkoran Mikel Larrañaga azpeitiarra, Julen Alberdi Txikia azkoitirra, eta Iker Vicente Otsagabiarra.
Trikitilariak ere Oriotik helduak, Elene Ostolaza eta Jon Alkain, arduratu dira erakustaldia girotzeaz.
Zumarditik bi pausura, haurrentzat galduezina den Xanti eta Maialen eta buruhandien konpartsaren kale buelta. Herriko Plazatik abiatu dira, batzuk korrika buruhandiengandik ihesi; besteak lasaiago atzean Xanti eta Maialen eta txistulariekin dantzan.
Gaurko eguneko klasiko bat eta jende mordoa biltzen duena: EMKE Musika Bandaren Madalenetako kontzertua. Foru plazan egin dute emanaldia eta prestatutako aulki guztiak beteta dozenaka lagunek entzun dute adi Aitor Mitxelena zuzendariak gidatutako emanaldia.
Eta barre egin nahi zutenek ere izan dute horretarako aukera. Panier gunean bakarrizketa baitzegoen programatuta.
Arratsaldean haur danborraden Danbor Jaiak hartuko ditu kaleak. Burrunba bizian ibiliko dira Alabergako plazatik abiatuta Gamon Ikastetxea, Agustinak, Egiluze, Koldo Mitxelena, IGE Telleri, Alaberga eta Beraungo haur danborradak, Errenteriako dantzariek eta txarangek lagunduta. 18:00etan izango da hori.
Egitarau osoa ikusteko, klikatu hemen.
