Bustita ere, jarraitzen du festak
Xanti, Maialen eta buruhandien konpartsak udaletxeko arkupetan egin dute ohiko saioa euriarengatik. arratsaldean, marea arrosak hartuko du herria urtero errepikatzen den saretze kolektibo erraldoiaren erakusgarri.
Hiru haur, kuadrillen eguneko kamiseta soinean. Haurrak izan dira goizeko protagonistak madalenen hirugarren egunean. Tamalez, euriak ere hartu du protagonismoa eta estalpean egin behar izan dituzte antolatuta zituztenak, eta Xanti eta Maialen zein buruhandien konpartsa ere estalpe bila arituta udaletxeko arkupetan egin dute gaur goizeko saioa.
Euria gorabehera, gogotik gozatu dute txikienek goiza partea; lanerako tartea hartu duenik ere izan da, eta Oiangozhau kolektiboaren Panier guneko txosnan erratza ere pasa dute; saretzea eta auzolana txikitatik barneratzea ezinbestekoa baita, festak ere herritik herriarentzat egiten segituko direla bermatzeko.
Arratsaldean, bostetan dute hitzordua kuadrillek. Hala ere eguerditik ugariak izan dira kamiseta arrosak kaleetan. Kuadrillen eta herri saretzearen erakusgarrietako bat den olatu erraldoiak kolore hori, arrosa, izango du aurten. Agirre Lehendakariaren plazatik, Lino gunetik, abiatuko da segizioa euria egin edo ez, dagoeneko etxekoa den DJ Bullen musikaren atzetik dantzan eta kantuan.
Ohiko ibilbidea egingo dute, eta bi geldialdi berezi-berezi: Sindikatu taberna zenaren parean bata, Herriko Plazan bestea. Adi, bietan gertatuko baitira gauzak. Herriko Plazakoa sobera ezaguna da, Xanti eta Maialenekin familia argazkia egingo dute 19:30ean. Une hori, Errenteria-Oreretako jaiak eredugarri egiten dituenetako bat da. Gaur ere hala egingo dute, adin guztietako ehunka lagun herri egiten.
