Hasi dira Donibaneko santioak!
Gaurtik eta hilaren 31ra bitartean, Donibaneko santioak izango dira. Gaur jaurti du txupina Xatur Telletxeak, eta suziria piztearekin batera, sanjuandarrak zortzi eguneko festa giroan murgildu dira.
Martxan dira Donibaneko santioak. Martxan dira Pasaiako azken herriko jaiak. Zapi arrosak lepoan eta kolore bereko kamisetak soinean, jendetza bildu da Santiago plazan festei ongietorria emateko. Jaiak lehertu baino lehen, Burrunba elektrotxarangak plaza girotu du, eta txistulariek eta erraldoiek dantzan jarri dituzte bertan bildutakoak. Dantzari gazteak ere protagonista izan dira, eta aurreskua dantzatu dute.
20:00etan, Natitxu Etxarri zinegotziak merezitako ongietorria eman die santioei eta festaz gozatzera gerturatu diren herritar guztiei. Sanjuandarrak festa giroan murgildu badira ere, mundura begira jarri da Etxarri, eta Palestinako herria pairatzen ari den genozidioa ozen eta argi salatu du. Hori dela eta, ikurrinarekin batera, Palestinako bandera ere zintzilikatu dute udaletxe zaharrean.
Jaietan elkar zaintzea ezinbestekoa dela adierazi du zinegotzi sanjuandarrak, eta festak guztiok gozatzeko direla aldarrikatu du, errespetuan eta askatasunean. Aurten, Xatur Telletxea sanjuandarrak piztu du suziria, hura izan baita jaietako omendua. Telletxeak 15 urte daramatza Santa Ana elizako kanpandorreko ordularia zaintzen, eta jai batzordeak hari aitortza egin nahi izan dio. Hunkituta hartu du hitza Telletxeak, Etxarrik zapi arrosa zintzilikatu dio, eta suziria piztearekin batera, sanjuandarrak zortzi eguneko festa giroan murgildu dira, herritar guztien gozamenerako.
HITZA-k Xatur Telletxea omenduari egindako erreportaje luze eta zabala argitaratuko du bihar.
Hona hemen txupinazoak utzitako hainbat irudi:
Asteburuko programazioa
Hilak 25, ostirala. Santiago Eguna
- 07:00: Diana txarangarekin, txosnetatik plazako sokamuturrera.
- 07:30: Diana, Meipitik plazara.
- 08:00: Sokamuturra.
- 10:30: Gaztelutxoko igoera. Kaskoa derrigorrezkoa da.
- 12:00: Kantu jira, arrantzalez jantzita.
- 17:00: Haurrentzako jolasak eta txokolate jana, Santiago plazan.
- 17:30: Mus txapelketa, Bonantzan.
- 18:30: Donibaneko XXXV. Dantza solteko txapelketa.
- 20:00: Herri kirolak, Santiago plazan.
- 22:00: Allur dantza taldearen emanaldia, Santiago plazan.
- 23:00: Patty and Pipo, txosnetan.
- 23:30: Itzalpeko Laguna, Santiago plazan.
Hilak 26, larunbata. Santa Ana Eguna
- 09:30: Ezinduak beren etxeetan jaso eta Santa Ana ermitara eramatea.
- 11:00: Erraketa txapelketa haur eta gazteentzat, frontoian.
- 11:00: Meza nagusia, Santa Anako ermitan. Ondoren, salda eta pintxo dastaketa, txistulariek girotuta.
- 13:30: Poteoa gramolarekin, Patxikutik plazara.
- 14:30: Kuadrillen bazkari autogestionatua, Santiago plazan. Ondoren, bingoa eta zumba herrikoia. Bukatzean, poteoa kale zaharrean.
- 20:00: Andoni Ollokiegi, txosnetan.
- 21:00: Laket taldearekin erromeria, Santiago plazan.
- 00:00: DJ Lolita, txosnetan.
- 00:30: Itzalpeko laguna, Santiago plazan.
Hilak 27, igandea. San Panteleon Eguna
- 11:00: Karabina txapelketa, frontoian. Hainbat kategoria, adinaren arabera: 8 urtetik behera / 8-12 / 12-15.
- 11:00: Jubilatuen eta arrantzaleen omenezko meza, Bonantzako basilikan.
- 14:00: Jubilatuen bazkaria, Santiago plazan.
- 15:00: Herriko kuadrillek sardinak eta ikatza jasoko dituzte Arizabalon.
- 16:15: Musika herrian barrena.
- 19:00: Sardina jana herri osoan.
- 20:00: Javi DJ, Santiago plazan.
- 22:30: Arrantzaleen danborrada Konstantzia bandarekin. Ondoren, Javi DJ.
- 00:00: Gorka txosnetan.
