Gaintxurizketako behin betiko pasabidea 2026an aterako da lizitaziora
Eider Mendoza ahaldun nagusiak eta Lezoko Udaleko ordezkariek bilera egin dute gaur. Gaintxurizketako lanetan izan dira.
Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusiak nahiz Mikel Arruti Lezoko alkateak eta Eneritz Arruti zinegotziak bilera egin dute gaur, diputatu nagusia herrialdeko alkate eta agintariekin egiten ari den batzarraldien barrukoa. Besteak beste, Gaintxurizketa auzoa erdibitzen duen Gi-636 errepideaz, eta han oinezkoen segurtasuna eta irisgarritasuna hobetzeko neurriez aritu dira. Batzartu ondoren auzora bisita egin dute aldundiko nahiz udaleko hautetsiek, hango lanak ikuskatu eta adierazpenak egiteko. Jada jarrita eta erabilgarri dago errepidea altueratik gurutzatzeko aldamio egitura duen oinezkoentzako behin-behineko pasabidea; behin betikoa 2026an zehar lizitatuko dela jakinarazi du Mendozak, beraz, hilabete dezentetan egitura hori mantenduko da betirako izango dena egin arte.
Adostasuna. Gaintxurizketan ezbehar gehiago izan ez daitezen abian jarritako neurrien gaineko sintonia baikorra azaldu dute bai Mendozak zein Arrutik. Jada hainbat hobekuntza izan dira, behin-behineko pasarelaz gainera: astelehenetik autobus publikoek geldialdiak egingo dituzte pasabidearen bi aldeetan jarri berri diren geltokietan; pasabidera era seguru eta irisgarrian iristeko lanen zati handi bat egina dago, tartean Lezoko Udalak egindakoak: 117.500 euro bideratu ditu Perrenetik hara iristeko; eta aldundiak 920.000 euro jarri ditu zubi itxurako oinezkoen bidea egiten, nahiz Errekalde hotelaren eta egitura horren lanetan. Ibilgailuei ezarritako murrizketak ere oroitarazi dituzte ordezkari politikoek, egun orduko 70 kilometrokoa baita gehienezko abiadura Altamirako tunelaren eta Gaintxurizketako biribilgunearen artean.
“Lanen aurrerapenari eta hartutako neurriei esker, errepidearen baldintzak askoz seguruagoak dira, erakundeen arteko lankidetza estu baten emaitza”, esan du ahaldun nagusiak: “Aldundiak urratsak egiten jarraituko du, eta behin betiko konponbide irisgarri eta estruktural batekiko konpromiso irmoari eusten dio, Udalarekin eta ETSrekin batera lantzen ari garena”. Arrutik erakundeen arteko elkarlanean jarri du fokua: “Lezoko Udalaren lehentasuna auzotarren eta Gaintxurizketako langileen segurtasuna bermatzea da; beraz, positibotzat jotzen dugu behin-behineko urrats hau martxan jartzea eta hurrengo aurrerapenak definitzea”. Udalak ildo horretan aurrera egiten jarraitzeko prest dagoela ere adierazi du, “Lezoko Udalak datozen hilabeteetan egingo diren lanak garatzen lagunduko du, eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin lanean jarraituko du Gaintxurizketako segurtasunean eta mugikortasunean aurrera egiten jarraitzeko”.
Gaurko agerraldian baieztatu dute Adifek ere alea jarriko duela auzoko irisgarritasun eta segurtasun zereginetan, bere geltokiaren inguruan beste igarobidea bat jarriko duelako trenbideak seguru gurutzatzeko.
Hurrengo urratsak
Hurrengo urratsei dagokienez, Felix Urkola diputatuak gogorarazi du dagoeneko esleituta daudela 107 poligonoa eta Lanbarren industrialdea lotuko dituen bide berriaren obrak, 152.455 euroko inbertsioarekin eta urrirako aurreikusita dago amaiera. Era berean, datozen egunetan argitaratuko da Errekalde hotelaren eta 107 poligonoaren arteko bidearen lizitazioa, 296.638 euroko aurrekontuarekin eta obrak datorren urtearen hasieran amaitzeko aurreikuspenarekin.
