Kale-zurrutaren prebentzio programa, Donibanen
Botiltzar prebentzio programak Donibaneko santioetan lur hartuko du hilaren 30ean. Kalean alkohola kontsumitzen duten nerabe eta gazteei begirakoa da.
Pasaiako Udaleko Gizarte Ekintza Sailaren Botiltzar programaren barruko interbentzioa egingo dute hilaren 30ean (asteazkenean), Donibanen, Santio Festen barruan, Ai Laket elkartearen eskutik. Kale-zurruta edo botiloiaren gainekoa da programa, zehazki festa giroan alkoholaren kontsumoa murriztea asmo duena. Kalean alkohola kontsumitzen ari diren nerabe eta gazteei begirakoa da, eta haien artean alkoholaren kontsumoak sor ditzakeen arriskuez ohartaraztea du xede. Hala, udalak zehaztu duenez, hainbat profesional kale-zurrutean dabiltzanengana hurbilduko dira alkoholaren kontsumoak dituen kalteez ohartarazteko, eta informazio zein prebentzio materiala emateko.
20:00etatik aurrera izango dira, eta lau orduz, Ai Laket-eko kideak interbentzioa egiten. 4-6 kide izango dira nerabe eta gazteengana joango direnak programaren barrukoak aipatu eta informazioa ematera. Honakoak dira Botiltzar prebentzio programaren helburu nagusiak:
- Prebentzioa: alkoholaren erabilerak dakartzan arriskuak gutxitzea.
- Kontzientziazioa: gazteak kontsumoen arriskuez kontzientziatzea eta kontsumoaren arrazoiak hausnartzera bultzatzea.
- Bizikidetza sustatzea: festa giroko bizikidetza positiboa eta osasuntsua bultzatzea.
- Alternatibak eskaintzea: legez kontrako substantzien arriskuez ohartaraztea, eta kontsumoak ekar ditzakeen ondorioen inguruan informazioa ematea.
- Datu bilketa: alkoholari buruzko informazio kuantitatiboa eta kualitatiboa jasotzea.
