Batelerek sasoiko laugarren bandera lortu dute
Gizonezkoetan sanjuandarrek estropada bikaina gauzatu zuten igandean. Bigarren txanda irabazi eta sailkapen orokorrean hirugarrenak izan ziren, Orio eta Donostiarraren atzetik. Errenteriarrak ere fin aritu ziren.
Asteburu honetan ETE 10. jardunaldia, KAE1 Ligako 9. eta 10. jardunaldiak, KAE2 Ligako 9. jardunaldia, eta Euskotren eta Eusko Label Ligako 7. eta 8. jardunaldiak jokatu dira. Nabarmentzekoa izan da asteburuan Batelerek lortu duten bandera. Sasoiko laugarrena izan da.
Aldi berean, sanjuandarrek gizonezkoetan asteburu borobila gauzatu dute. Izan ere, lehen txandatik ateratzea lortu eta hurrengo estropadetan bigarren txandan arituko dira borrokan. Igandean batez ere sekulakoa egin zuten arroxek. Castro Urdialesen bigarren txanda irabazi eta sailkapen orokorrean hirugarrenak izatea lortu zuten, Orioren eta Donostiarraren atzetik.
Gainontzekoek ere asteburu bikaina egin dutela ezin uka daiteke. Emakumeetan Hibaikak Zumaiari puntu bateko errenta atera dio eta ohorezko txandan mantentzea lortu du. Gizonezkoetan, berriz, errenteriarrek jardunaldi bakarra izan zuten eta bigarren postuan amaitu zuten estropada. Sanpedrotarrek goranzko joera hartu dute, eta asteburuan bi emaitza bikain egin dituzte: Kantabrian bosgarren eta Santurtzin laugarrenak izan ziren.
- Iñaki Suarez argazkiak
- Iñaki Suarez argazkiak
- Josu Z.
- Josu Z.
- Argazki Klik





