Arraztalo nekazal ustiategirako langile bila dabil
Buru osasun arazoengatik desgaitasuna duten pertsonentzako babestutako lanpostua da. Sei hilabeteko astean 25 orduko kontratua proposatzen du elkarteak.
Badira hamalau urte Arraztalo Oiartzungo gaixotasun psikikoa duten pertsonen eta senideen elkarteak nekazal ustiategia martxan jarri zuenetik. Egun, sei lagunek osatzen dute lantaldea. Barazkien ekoizpena kontsumo talde baten bidez merkaturatzen, eta horrez gain, inguruko zenbait ikastetxeren jantokiak eta merkatari txikiak ere bezero dira. Desgaitasuna duten pertsonentzako lanpostu babestuak dituzte ustiategian, “ordutegi eta baldintza malguekin, gaixotasun mentalak eragindako ondorioak gainditzen laguntzeko”.
Nekazal ustiategirako beste langile baten bila dabil une honetan Arraztalo. Hurrengoak izango dira langilearen eginkizunak: barazkien landaketa, zaintza eta bilketa; baratza lan orokorrak eta mantenua, eskaeren prestaketa eta banaketa, Arraztalo Kontsumo taldeko kideei arreta, eta azoketan postuen arreta.
Lanpostua eskuratzeko buru osasun arazoengatik desgaitasuna aitortua eduki behar izateaz gain, Oiartzunen erroldatua egotea ere eskatzen dute. Horrez gain, gidabaimena izatea eta nekazaritzan esperientzia izatea baloratuko dute.
Sei hilabeterako astean 25 orduko kontratua eskaintzen du elkarteak, ondoren luzatu daitekeena. Abuztuan hasiko da langilea, eta astelehenetik ostiralera 08:00etatik 13:00etarako lanaldia izango du.
Internet bidez bidali beharko du hautagaiak bere hautagaitza, eta izena ematen duten guztiekin lan poltsa osatuko da, etorkizuneko langile beharrak asetzeko.
