Jaiak giro "alai eta atseginean" igaro dira
Errenteriako Udal Gobernu Taldeak jaien balorazio positiboa egiten du. Eskertuta agertu dira jai batzordeko kide, eragile, omendu, eta oro har, herritar guztiekin.
Udal Gobernuaren arabera, “Giro alai eta atseginean” ospatu dizute aurten errenteriarrek madalenak, “jendeak festaz gozatzeko eta gozarazteko hautua egin du nagusiki”. Oraindik gertatutako guztien datuak biltzen ari baldin badira ere, “errespetua” eta “elkar zaintza” gaineratu direla iruditu zaie eta ez da “azpimarratzeko” modukoa den ezer gertatu, “pozik egoteko modukoa” da.
Jaiak hasi aurretik emakumeak deseroso sentiaraziko dituen inolako jokaerarik ez zutela onartuko argi adierazi zuten udaleko talde politikoetako ordezkari guztiek, eta hori hala izan zedin bermatzeko neurriak hartu zituen udalak. Aurrerantzean ere indarkeria matxistaren aurkako neurriak herrian zabaltzeko jarraitzeko konpromisoa hartu dute.
Jaiak aurrera eraman dituztenei eskertza
Oso eskertua agertu da Udal Gobernua jaiak posible egiten dituzten guztiekin. Jai batzordearen “konpromiso nekaezina” balioan jarri dute, baina jaiak antolatzen ibiltzen diren gainerako elkarte, eragile eta pertsona guztiena ere. Madalenak “hain osoak eta anitzak” izateko ezinbestekoa da herritar guzti horien lana, eta aurtengo jaietan horrela dela ikusi da, 130 jarduera baino gehiago egin baitira. “Jaiak partekatzen dugun herri biziaren isla ezin hobea izan dira”.
Jaien alde lan egiten duten udal departamentuei ere eman dizkiete eskerrak, izan kultura departamentua, hiri mantentzea, udaltzaingoa, komunikazioa, edota hirigintza. Zer esanik ez madalenetan lan egin behar izan duten udal langile horiei, “dena ongi joan zedin erakutsi duten prestutasunagatik”.
“Madalenak ez liratekeelako direnak izango herritarren parte hartzerik gabe”, horientzat izan dira Gobernu Taldearen azken eskerrak, “parte hartzeko eta ondo pasatzeko gogoa” aitortzeko.
Baserritarrak ere gogoan izan dituzte. Baserritarrak, eta bereziki, Arantxa Otegi izan dira aurtengo omenduak, eta “urte luzeetan zehar landa ingurunea zaintzen eta elikagai osasuntsuak ekoizten egindako lan garrantzitsua eskertu diete”. Udal Gobernuarentzat “ohorea” izan da jaiak baserritarrekin partekatzea. HITZAk egindako elkarrizketan Otegik aitortu zuenez, “sorpresa handiarekin” hartu zuen txupina botatzeko proposamena, “baserritarrak inoiz ez baitira halakoetan aitortuak izan”, baina, aldi berean, “pozik” zegoen, “baserria goratzeko” aukera izan baitzen.
