Aisialdi eskaintza oparoa Listorretan
'Ekintzak familian' programaren barruan lau jarduera antolatu ditu Errenteriako Udalak. Listorretan haurrentzako aisialdirako eskaintza sustatzearekin batera, euskararekin harremana indartzea du helburu programak.
Haurren aisialdia ardatz, Ekintzak familian programa abiatu du Errenteriako Udalak. Haurrentzako zenbait jarduera antolatu dituzte Listorretan, larunbatetik (abuztuak 2) irailaren 14era arte. Programa pilotoak “horrelako ekintzen harrera eta egokitasuna neurtu, eta, aurrera begira, Listorretako aisialdi gunerako eskaintza hezitzaile bat diseinatuko” du.
Bi helburu nagusi ditu 2023-2027ko Agintaldi Planean jasotako egitasmoak. Alde batetik, haurrentzako aisialdirako aukera bultzatu nahi du. Bestalde, udan ere haurrek euskararekiko duten harremana indartzeko gunea izan nahi du, “Listorretako aisialdirako lekuarekin harreman osasuntsuagoa sustatzearekin batera”.
Larunbatean (abuztuak 2) izango da lehen jarduera: zirku tailerra. Zirku emanaldi motz baten ondotik haurrek malabareak, oreka eta akrobaziak egiten ikasteko aukera izango dute. 16:00etatik 18:00etara bitartean izango da.
Biharamunean, igandean (abuztuak 3), Kulki baserriko herri kirolen jolas parkea antolatu dute, 16:00etatik 18:00etara
Irailean itzuliko da egitarauaren bigarren zatia, Kulki itsasoko herri kirolen jolas parkearekin. Irailaren 13an, 16:00etatik 18:00etara bitartean elkartuko dira.
Azkenik, Hator magiara! jarduera antolatu dute irailaren 14rako. Magia ikusteaz gain, egiten ere ikasiko dute parte hartzaileek. 17:00etan hasiko da.
Egitaraua
Abuztuak 2
Zirku tailerra. 16:00-18:00.
Abuztuak 3
Kulki baserriko herri kirolen jolas parkea. 16:00-18:00.
Irailak 13
Kulki itsasoko herri kirolen jolas parkea. 16:00-18:00.
Irailak 14
Hator Magiara!. 17:00.
