Batelerekin agurtuko dituzte Santioak
Konstantzia bandaren laguntzarekin egin dute desfilea batelerek. Ondoren, estropada egin dute eta azkenik dantzan eta abesten aritu dira.
San Inazio Eguna da gaur, Donibaneko jaien azken eguna. Egun honetan Donibaneko Batelerak omentzeko eta historian zehar izan duten garrantzia nabarmentzeko helburuarekin Bateleren estropada antolatzen du urtero Yola elkarteak, eta aurten ere ez du hutsik egin.
Goizeko 11:00etan hasi da desfilea Meipin, eta, Konstantzia bandaren zein ondoren dantzan egingo duten bateleren laguntzaz, estropadan parte hartuko duten taldeen aurkezpena egin dute.
Irribarretsu, alai eta saltoka egin dute bidea, jaiei amaiera ezin hobea emateko prest. Desfilea Santiago plazan bukatu dute, eta 12:ooetan hasi dira ontziratzen. Estropada 12:30ean hasi da.
Bost txanda jokatu dituzte. Lehen txandan Kabite, Satsa eta Arrokandieta taldeak aritu dira. Bigarrenean Bordaundi, Gaztelutxo eta Bonasaitza. Hirugarrenean Sumillondo, Larrabide eta Txartiku. Laugarrenean Lete, Boxenar eta Iñularrieta. Eta azken txandan, Gaztarrotz, Londres eta Arrangu.
Lau luze burutu dituzte ontziek. Santiago plaza paretik gazteluino prestatu duten eremuan. Estropadaren errekorra Sara Hernadek, Igone Carrillok, Amalur Leonek eta Lourdes Castillok egin zuten 2023an; 5:12,75 minutuan dago egun.
Estropada bukatzean Bateleren zortzikoa dantzatu eta abestu dute plazan. Abestia jasota bazegoen ere orain gutxi hasi dira hura abesten, bateleren oroimena berreskuratzeko helburuarekin.
Azkenik, sari banaketa egin dute. Estropada honela geratu da: Sara Hernadek, Igone Carrillok, Amalur Leonek eta Lourdes Castillok osatutako Bonasaitza eskifaiak irabazi du txapelketa. Bigarren ontzi azkarrena Arrangu izan da. Taldea Iñigo Arrarasek, Uxue Arrarasek, Nahia Arrarasek eta Eider Arrarasek osatu dute.
Azkenik, podiumaren hirugarren tokia Iñularrieta taldearentzat izan da. Izaskun Iñarrak, Irati Iñarrak, Ander Iñarrak eta Elene Iñarrak osatu dute taldea.
