Arizmendi Eneak bisiten ordutegia zabaldu du
Doako bisita gidatuen ordutegiak zabaldu ditu Arizmendi Enea etxe museoak. Ostiraletik igandera bitartean egin daitezke bisitak.
Arizmendi Enea etxe museoak XVII. mendetik XX. mende hasierara Gipuzkoako familia aberatsen bizimodua nolakoa zen ezagutzeko aukera ematen dio bisitariari. Izan ere, etxeak lehen eta bigarren solairuetan jatorrizko elementu asko kontserbatzen ditu oraindik, “eta horrek bisita are bereziagoa bihurtzen du. Etxeak duen lorategi ederretik paseatzeak are eta bereziago egiten du bisita hau”.
Doako bisita gidatuak antolatzen dituzte etxe museora; eta orain, udan, bisiten ordutegiak zabaltzea erabaki dute. Beraz, ostiraletan 11:00etan (euskaraz, gazteleraz eta frantsesez), eta larunbat eta igandetan 10:00etan eta 12:00etan (euskaraz) eta 11:00etan eta 13:00etan (gazteleraz) egongo da Arizmendi Enea bisitatzeko aukera.
Bisita gidatuetan parte hartzeko lehenagotik egin behar da erreserba Oiartzungo turismo bulegora joz, 943 508 913 telefonora deituz edo turismoaoiartzun@oarsoaldea.eus helbidera idatziz.
