Eltxo tigrearen kontrol neurriak indartzeko eskatu du Osasun sailak
Hendaian chikungunya kasu baten berri izan ondoren eskatu dute prebentzio neurriak hartzea. Lasai egoteko deia luzatu die herritarrei.
Joan den astelehenean (hilak 24) chikungunya kasu autoktono baten berri izan zuen Eusko Jaurlaritzako Osasun sailak. Lehen kasua Hendaian erregistratu zen, eta horren ondoren bi kasu posible berri jakinarazi zituzten.
Egoera ikusita eta prebentzio modura, Oarsoaldeko udalei eltxo tigrearen (Aedes albopictus) gaineko zaintza eta kontrol neurriak indartzeko eskatu die Osasun sailak. Izan ere, eltxo tigrea da gaixotasun horren transmisioaren bektore arduraduna.
Aldi berean, Osakidetzako profesionalei zaintza kliniko zorrotza egiteko eskatu diete, eta chikungunyarekin bateragarriak diren sintomak agertzen direnean adi egoteko mezua zabaldu dute. Sintomak honakoak dira: sukar altua, artikulazioetako min handiak edo larruazaleko erupzioak.
Arriskua hor dagoen arren, Osasun sailak lasai egoteko deia luzatu die herritarrei. “Frantziako agintariak aktiboki monitorizatzen ari dira Hendaian baieztatutako kasua, baina hurbiltasun geografikoa dela-eta, komeni da inguruko EAEko udalerriek prebentzio-neurriak indartzea” esan dute.
Udalei zuzendutako gomendioak:
1. Herritarrentzako informazioa
- Eltxoen ziztadak prebenitzeko moduari buruzko mezu argiak zabaltzea, bereziki pertsona kalteberenetan (adinekoak, haurrak eta haurdunak).
- Uxatzaileak, mahuka luzeko arroparen eta etxean babesteko elementuen (eltxo-sareak edo eltxoen aurkako gailu elektrikoak) erabilera sustatzea.
2. Haztegiak kontrolatzea eta ezabatzea
- Ur geldiak pilatu daitezkeen eremuen ikuskapena indartzea: patioak, lorategiak, iturri apaingarriak, deposituak edo kainu-zuloak (hustubideak espaloien azpian).
- Arrisku handikotzat hartutako inguruneetan kontrol adultizidako jarduketa puntualak eta fumigazio-neurriak baloratzea.
3. Udalen arteko lankidetza eta osasun-koordinazioa
- Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoko zerbitzuekin komunikazio-kanal aktiboak izatea, edozein kasu susmagarri jakinarazteko.
- Udalerri mugakideen arteko ahaleginak koordinatzea, eltxo bektorea zaintzeko eta kontrolatzeko baliabideak optimizatzeko.
