Gazteak saretzeko, Gazte Eguna
Gazteek badute eurena sentitzen duten egun bat: abuztuaren 5a. Data horretarako Biyurrieneak egun osoko egitaraua ondu du.
Lehenengo urteko egitarau berbera mantenduko dute aurtengoan. «Nahikoa lan izaten da hau mantentzea», dio Beñat Felipe Biyurrieneako kideak. Gauzak horrela, eguerdiko ordu batean botako dute gazte txupinazoa txosnagunean, eta hor lehertuko da festa. Gazteen bazkaria izango dute gero, baina horretarako Done Eztebe plazara lekualdatuko dira.
Felipek argi du zein den bere xanistebanetako Biyurrienearen ekintza gustukoena: hiltzaileen kluba. Haren hitzetan, «herriko gazteak saretzeaz gain, harreman berriak sortzen ditu» jolasak. Gazte Eguna bere horretan gustatzen zaio Biyurrieneakoari, nahiz eta aitortu duen lan asko dagoela atzetik. Hala ere, argi utzi du herriaren erantzuna positiboa izaten dela. «Gazte Egunak asebetetzen nau. Gainera, herriak asko eskertzen du; eskerrik asko asko esaten dizkigute lan hori hartzeagatik», nabarmendu du.
Mozorro lehiaketa ere egingo dute gazteek, eta mahai jolasak izan da xanistebanetarako aukeratu duten gaia. «Denok elkartzen garen bilera horietako batean oso modu naturalean atera zen gaia, eta grazia egin zigun», kontatu du oiartzuarrak. Festen aurretik gaia zein den jakinarazten dute, eta egunean bertan txosnara bertaratzen direnen artean gehien gustatu den mozorroaren saria banatzen dute.
Gazteek sortu eta gazteei eskaini
Biyurrieneak urte osoko eskaintza egiteko apustua egiten du; Felipek eman ditu horren xehetasunak. «Eskaintzen dugun horretan gazteek elkarrekin denbora pasatzeko aukera sortzen da, bestela, kuadrillismoan erortzeko joera duen herria baita Oiartzun. Horrekin apurtzeko aukera ematen du Biyurrieneak».
Hortaz, herrian gazteentzat eskaintza egotea bermatzen du Biyurrieneak, betiere gazteen ikuspegitik antolatuta. Alegia, gazteek gazteentzat diren jarduerak antolatzen dituzte.
Pozik agertu da hitzartzean Felipe, azken boladan Biyurrienean «gazte talde on bat» sartu baita, baina, taldean ez daudenak bertaratzera animatzeko baliatu du aukera. «Jendea gerturatzera eta probetan hartzera animatuko nuke, baina Biyurrieneako antolakuntza probatzea edota bilera batera gerturatzera bultzatuko nituzke. Uste dut jendeak sorpresa eramaten duela bere txokoa bertan [Biyurrienean] aurkitzen duelako», ziurtatu du.
Biyurrieneako egitarauaren xehetasun gehiago jakiteko edota azken ordukoen berri izateko, ikus Instagrameko euren profila: @biyurrienea.
BIYURRIENEAREN EGITARAUA
ABUZTUAK 5, GAZTEEN EGUNA
• 13:00. Gazte txupinazoa txosnagunean.
• 13:30. Gazteen bazkaria Done Eztebe plazan.
• 18:00. 3Indarrok elektrotxarangak gidatutako poteoa tabernaz taberna.
• Jarraian. Gazte Eguneko jolasak txosnagunean.
