Haur eskola publiko bat eraikiko du udalak Galtzarabordan
Haur eskola berriak Alabergako eta Agustinetako haur eskola publikoek jasan duten matrikulazioaren igoerari erantzungo dio.
Galtzaraborda auzoan haur eskola publiko berri bat eraikiko duela iragarri du Errenteriako Udalak. Izan ere, azken urteetan Haurreskola Patzuergoak kudeatutako herriko haur eskolen eskaintza zabalduz joan da eta doakotasunean egindako bidearen ondorioz matrikulazio igoera nabarmena izan da.
Galtzaraborda biztanle gehien jasotzen dituen auzoa izanik, haur eskola berriak Alabergako eta Agustinetako haur eskola publikoek jasan duten matrikulazioaren igoerari erantzungo dio.
Guztira 21 plaza izango ditu eta Galtzarabordako parkearen Urdaburu kale alboko berdegunean kokatuko da. Udalaren esanetan naturan integratuta egongo den “eraikin bereizgarria” izango da eta egun dauden zuhaitzen artean kokatuko da.
Eraikuntza proiektua eginda dago honezkero, eta lizitazio prozesua udazkenean abiatuko dutela azaldu du udalak. Era horretan, eraikuntza lanak urte berriarekin batera abiatuko lituzkete.
Proiektuak milioi bat eurotik gorako inbertsioa suposatuko du eta agintaldi planean jasotako konpromisoari erantzungo dio; hau da, zerbitzuak eta ekipamenduak herriko auzo guztietara gerturatzeko eta haur eskola publikoetako plaza kopurua eskaintza familien adinakoa izateko konpromisoari.
Aldi berean, dagoeneko lantzen ari diren Galtzaraborda biziberritzeko planaren baitan kokatzen da proiektua.
