San Juan baleontziaren barrualdera bisita gidatuak
Gaurtik irailaren 21era arte San Juan baleontziaren barrualdera bisita gidatuak antolatu ditu Albaolak. Publikoarentzako ikusgai jartzen den lehen aldia da, orain arte lantalde eta ikusle gutxi batzuk bakarrik sartu baitira.
1565ean Kanadako uretan hondoratu zen San Juan baleontzia nolakoa zen ezagutu nahi duenak aurrerantzean San Juanaren erreplika bisitatzeko aukera izango du. Izan ere, Albaola Itsas Kultur Faktoriak gaurtik irailaren 21era arte baleontziaren barrualdeko bisita gidatuak antolatu ditu. Publikoarentzako ikusgarri jartzen den lehen aldia da, orain arte lantaldeko kideek eta ikusle gutxi batzuek baino ez baitute bisitatu ahal izan.
Albaolaren arabera, “esperientzia honek, baleontziaren barne-bizitza gertutik eta modu didaktikoan ezagutzeko aukera emango du”. Bisitariek baleontziaren hainbat atalen funtzioak, nabigaziorako baldintzak, tripulazioaren antolaketa edo garaiko itsas teknologiari buruz ikasiko dute; “XVI. mendeko baleontziaren erreplika zehatza baita, garaiko egituren ezaugarriekin”.
Horregatik, erreserba egin aurretik zenbait segurtasun arau errespetatzeko eskatu dute antolatzaileek. Bisita gidatuetan parte hartzeko gutxieneko adina zortzi urtekoa da, eta segurtasun eta erosotasun arrazoiengatik oinetako itxi eta erosoak jartzea aholkatu dute. Halaber, XVI. mendeko egitura baten erreplika izanik, irisgarritasun aldetik mugak izango ditu.
UNESCOren babes ofiziala du baleontziak. Gainera, Jardunbide Egokien ziurtagiria jaso du Albaolak, itsas kultur ondarearen zaintzagatik.
Gaurtik irailaren 21era arte astelehenetik igandera egingo dira bisitak, lehena 18:00etan eta bigarrena 18:30ean. Bisita bakoitzak hogei minutu iraungo ditu gutxi gorabehera, eta lau hizkuntzetan izango dira: euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez. Museoko egitarauari gehituko zaio, eta museoa ohiko ordutegietan bisitatzen ahalko da: asteartetik igandera, 10:00etatik 14:00etara eta 15:00etatik 19:00etara.
Albaolaren webgunearen bidez edo leihatilan bertan eros daitezke sarrerak.
