"Urgentziazko mekanismoak" eskatu ditu Oreretako Asanblada Feministak
Aste honetan gertatutako hilketa matxista salatzeko elkarretaratzea egin dute Errenteriako Clara Rangel plazan, Oreretako Asanblada Feministak deituta. Euskal Herian egingo diren elkarretaratzeetan parte hartzeko deia luzatu dute.
Urtea hasi zenetik bost hilketa matxista gertatu dira Euskal Herrian. Azkena aste honetan bertan gertatu da, Zizur Nagusian. 78 urteko emakume bat indarkeria matxistaren biktima izan zen, eta senarra da “ustezko” hiltzailea. Hori dela eta, Oreretako Asanblada Feministak elkarretaratzea egin eta erailketa matxisten aurkako protokoloa aktibatu du.
Elkarretaratzean Euskal Herriko Mugimendu Feministatik samina adierazi diete senide, lagun eta gertukoei, eta “nazkatuta, nekatuta eta haserre” daudela adierazi duten arren Euskal Herriko edozein txokotan gertatzen diren erailketa matxista guztiak salatzeko eta indarkeria matxistaren konplize direnei “ardurak exijitzeko” prest daudela adierazi dute.
“Ez da hilketa isolatu bat, ez da tragedia puntual bat, sistema oso batek ahalbidetzen duen indarkeria baizik”, deitoratu dute. “Emakumeok emakume izate hutsagatik jasaten dugun indarkeria da. Izan ere, ez da kasualitatea gizonak izatea emakumeak erailtzen dituztenak sistematikoki, eta ez alderantziz”.
Azken gertakaria, gainera, ezin dela osasun mentalaren aitzakipean ezkutatu esan dute. “Guk ez dugu diskurtso hori elikatuko. Indarkeria matxista da, eta hilketa hau indarkeria horren egiturazko adierazpen garbia da. Hortaz, jendartearen egitura patriarkala agerian uzten duen gertakari matxista bat salatzen ari gara”.
Erailketa matxistak gertatzen jarraitzearen arrazoia “heziketarekin” eta indarkeriaren “banaketa sexual eta patriarkalarekin” duela zerikusia gaineratu dute ondoren, eta errealitate gordinari aurre egiteko “urgentziazko mekanismoak” eskatu dituzte.
Azkenik, emakumeen tresnak “antolakuntza eta autodefentsa” direla sinetsita Euskal Heriko hainbat herri eta hiriburuetan egingo diren elkarretaratzeetan parte hartzeko deia luzatu dute Oreretako Asanblada Feministako kideek. “Feministok erantzuteko prest gaude! Lotsa eta beldurra aldez aldatzen hasi da, eta antolatzen eta saretzen jarraituko dugu”, esanez bukatu dute elkarretaratzea.
