Zizur Nagusiko hilketa matxista salatzeko, elkarretaratzeak
Zizur Nagusiko hilketa matxista salatzeko elkarretaratzeak antolatu dituzte Oiartzun eta Errenteria-Oreretan. Gainera, Errenteriako Udalak adierazpen instituzionala kaleratu du.
Astearteko Zizur Nagusiko 78 urteko emakumearen hilketa matxista salatzeko elkarretaratzeak antolatu dituzte Errenteria-Orereta eta Oiartzunen. Gaur arratsalderako jarri du hitzordua Oreretako Asanblada Feministak. Eraso matxistarik ez! Autodefentsa feminista! lelopean 19:00etan Clara Rangel plazan elkartzeko deia egin dute.
Oiartzunen, ordea, bihar (hilak 2) egingo du elkarretaratzea Oiartzungo Feministen Asanbladak. 18:30erako finkatua zuten jaietako agerraldi feminista, eta horrekin batera erailketa matxista salatzeko elkarretaratzea egingo dute, Oiartzungo plazan.
Errenteriako Udalaren adierazpen instituzionala
Errenteriako Udaleko alderdi politiko guztiek “erabat gaitzetsi” dute Zizur Nagusiko erailketa matxista, eta erasoen aurrean inongo tolerantziarik ez dutela adierazi dute. Jendartean horrelako gertaerarik ez dutela onartuko, eta norabide horretan, “erakunde gisara lanean jarraituko dutela emakumeak indarkeria matxistarik gabe bizi daitezen” azpimarratu dute.
Gainera, herritarrei “beren jokabide eta jarrerei arretaz erreparatzera eta edonolako erasoren aurrean jarrera aktiboz jokatzeko” deia egin die udalak, gizonei batez ere.
Gaur 19:00etan Errenteria-Oreretan egingo den elkarretaratzearekin bat egitearekin batera, biktimaren familiari “elkartasunik beroena” adierazi nahi izan diote.
