Pasaiako Etxez Etxeko langileak, tinko borrokan
Bosgarren greba eguna egingo dute bihar (asteazkena) 43 langileek, Matia-Goxara eta udalaren aldetik ez baitute "inolako erantzunik jaso".
Pasaiako Etxez Etxeko langileek tinko jarraitzen dute borrokan. Uztailean lan hitzarmenaren negoziazioa desblokeatzeko greba egunak iragarri zituzten, eta bihar (hilak 20) izango dute laugarren greba eguna (udaletxean eta enpresan mobilizatuko dira). LAB eta ELA sindikatuen babesa dute langileek.
Udalak Matia-Goxarari dio esleituta zerbitzua, eta langileak lan baldintza kaskarrez kexu dira: “Lan kargak eta lan erritmoak handitzen” doazela salatu dute azken asteetan, eta enpresak ez diela gutxienekoa bermatzen. Lan baldintzak parekatzeko exijitu dute langileek, besteak beste.
Udalak urratsak egiteko borondatea adierazi badu ere (uztailaren 29ko plenoan izan ziren langileak, eta egoera “prekarioa” gainditzeko udalak baliabide ekonomikoak hitz eman zituen) langileak ez dira fio, enpresak baliabide horiek “bere etekinetara” bideratu ahal dituelako.
Gaur (hilak 19) sindikatuetako ordezkariekin hitz egin du HITZAk, eta hedabideari jakinaraziko diote ez dutela erantzunik jaso, ez enpresaren ezta udalaren aldetik ere. “Ez dugu erantzunik jaso. Egoerak berdin jarraitzen du, ez dugu inongo berririk”, aipatu diote HITZAri. Hilaren 25ean izango dute azken greba eguna, eta egoerak berdin jarraitzen badu, iraila osora zabalduko dute hasitako greba, egunero protestaren bat egiteko asmoa dute langileek.
Etxez etxeko langileen zerbitzua “ezinbestekotzat” jo dute LAB eta ELA sindikatuek, eta horregatik, “dagozkien lan baldintza duinak eta hitzarmena” eskatu dituzte beste behin ere, Matia-Goxarari “jarrera aldatzeko” eta udalari “egoera konpon dezala” galdeginez.
Orotara 43 dira udalak azpikontratatua duen Matia-Goxara enpresan lanean dabiltzan langileak.
