Laugarren greba egunean udalarekin bildu dira etxez etxeko langileak
Pasaiako udaletxean egindako elkarretaratzearen ondoren Aintzane Taberna alkateordearekin bildu dira, haien eskaerak helarazteko.
Pasaiako Etxez Etxeko langileek laugarren greba egin dute gaur. Matia-Goxaran izan dira lehenik, eta jarraian Donibaneko udaletxean elkarretaratzea egin dute. LAB eta ELA sindikatuek HITZAri jakinarazi diotenez, mobilizazioaren ondoren Aintzane Taberna alkateordearekin biltzeko aukera izan dute bi langilek, euren egoera eta eskaerak helarazteko. Langileek Tabernaren keinua eskertu nahi izan dute.
Tabernak joan den uztailaren 29ko plenoan iragarritakoa berretsi die, hau da, egoera “prekarioa” gainditzeko udalak baliabide ekonomikoak emango dituela. Langileek, baina, kezka dute horrekin, ez dira fio, enpresak bere etekinetara bideratu ahal dituelako laguntza horiek.
Tabernarekin izandako bilkuran enpresarekin bilera bat egiteko eskaera luzatu dute langileek, eta udala enpresarekin harremanetan jarriko dela hitz eman die alkateordeak. Sindikatuek, gaur ere, enpresaren aldetik ez dutela inongo erantzunik jaso salatu dute.
Lan baldintza “kaskarrak”
Udalak Matia-Goxarari dio esleituta zerbitzua, eta langileak lan baldintza kaskarrez kexu dira: “Lan kargak eta lan erritmoak handitzen” doazela salatu dute azken asteetan, eta enpresak ez diela gutxienekoa bermatzen. Lan baldintzak parekatzeko exijitu dute langileek, besteak beste.
Hilaren 25ean izango dute azken greba eguna, eta egoerak berdin jarraitzen badu, iraila osora zabalduko dute hasitako greba, egunero protestaren bat egiteko asmoa dute langileek.
Etxez etxeko langileen zerbitzua “ezinbestekotzat” jo dute LAB eta ELA sindikatuek, eta horregatik, “dagozkien lan baldintza duinak eta hitzarmena” eskatu dituzte beste behin ere, Matia-Goxarari “jarrera aldatzeko” eta udalari “egoera konpon dezala” galdeginez.
Orotara 43 dira udalak azpikontratatua duen Matia-Goxara enpresan lanean dabiltzan langileak.
