Gurutze festetan murgilduko datozen bi asteburutan
Lehen asteburuan truk txapelketa eta auzoko erretiratuen bazkaria egingo dituzte. Ekitaldi gehienak, bigarrenean.
Tortilla lehiaketak ez du hutsik egingo [Arg.: Oiartzungo Udala]. Udara azken txanpan sartu da, eta harekin batera, auzoetako festak. Gurutzekoak izango dira azken aurrekoak, eta aurten ere bai bi asteburutan banatuko dituzte ekitaldiak.
Datorren ostiralean —hilak 5—, urteroko truk txapelketaren txanda izango da, Bizardia elkartean. Aurtengoa hemezortzigarren ekitaldia izango da. 22:00etan hasiko dira karta-jokoan, eta parte hartu nahi duten bikoteek 15 euro ordaindu beharko dituzte. Errepeska prezioaren barruan doala jakinarazi dute.
Lau sari banatuko dituzte txapelketa orokorrean, eta beste bi errepeskan.
Larunbatari dagokionez, auzoko erretiratuek elkarrekin bazkalduko dute, gainontzeko auzokideekin batera. Izena emateko azkeneko eguna bihar —hilak 2— izango da. 689 89 05 14 edo 664 44 39 99 telefono zenbakietara deitu beharko da horretarako.
Ekitaldi gehienak, 13 eta 14an
Asteburu honetakoa aperitiboa izango da, datorrenean izango baitira ekitaldi gehienak. Hilaren 12an, ostiralarekin, botako dute festetako txupin iragarlea, eta hortik aurrera ekitaldiak kateatuko dira, larunbatekoekin.
Larunbat gaueko musika jaialdia izango da egitarau oparoko azkeneko ekitaldia. Berritasun modura, etxeko tomate lehiaketa egingo dute estreinakoz.
Xorrola zerbitzua
Hilaren 13an Xorrola zerbitzua izango dela jakinarazi dute, gaueko 12etatik goizeko 4ak arte, orduero. Gurutzetik hasiko da zerbitzua eta herriko auzo guztietatik pasako da.
EGITARAUA
Hilak 5, ostirala
- 22:00etan: XVIII. Truk Txapelketa. Prezioa: 15 euro bikoteko.
Hilak 6, larunbata
- 14:00etan: Auzoko erretiratuen bazkaria, auzokideekin batera.
Hilak 12, ostirala
- 19:00etan: Festen hasiera, bertsolari gazteen laguntzarekin. Egiar Otegi, Kattalin Arabolaza eta Peru Alijostes.
- Txupina bota ondoren, erraldoien eta buruhandien kalejira, Oidultz dultzaineroek lagunduta.
- 20:00etan: Elkarretaratzea. Jarraian, poteoa (mokaduak auzoaren kontura).
- 21:00etan: Afaria pilotalekuan. Janaria norberak eraman behar du.
- 22:00etan: Kantaldia, Maddi eta Joxeanekin.
- 22:30ean: Mikro irekia.
Hilak 13, larunbata
- 11:00etan:
- III. Sagardo Lehiaketa.
- Txalaparta tailerra, Ttukuttun taldearen eskutik.
- 11:30ean: XIII. Tortilla Lehiaketa. Tokian bertan egingo dira tortillak, eta osagaiak auzoak jarriko ditu. Tresnak, sua eta gainontzekoak etxetik eraman beharko dira.
- Jarraian, Etxeko Tomate Lehiaketaren lehen ekitaldia.
- 13:00etan: Toka txapelketa.
- 14:00etan: Auzo bazkaria.
- 17:00etan: Guztiontzako jolasak.
- 21:00etan: Afaria, janaria norberak eramanda.
- 22:00etan: Musika jaialdia:
- ProtoKadaver.
- Loraze.
- Lukiek.
- Kontzertuak bukatuta, txosnan jarriko duten musikarekin girotuko dute gaua.
