Trafiko mozketak izango dira Mamut pareko errepidean
Larunbat gauetik igandekora bitartean, GI-2132 errepidean mozketak egongo dira, lanengatik. Zirkulazioari eragingo dio.
Juansendo kaleko bidegurutzean izango dute eragina, besteak beste. Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinarazi duenez, GI-2132 errepidean trafiko mozketak izango dira asteburuan, zorua birgaituko dutelako. 13,940 eta 14,828 kilometro puntuen artean izango du eragina.
Errepidea itxita egongo da larunbateko —hilak 6— 22:00etatik igandeko ordu berdinera arte. Denbora tarte horretan errepideko zirkulazioa itxita egongo da, bi noranzkoetan. Juansendo kalearen bidegurutzearen eta Arizmendiko biribilguneko zatia itxiko dute (Mamut paretik pasatzen den errepidea da).
Zehaztu dutenez, mozketak ez du eraginik izango Arizmendi biribilgunean, baina bai Ugaldetxo industrialdeko eta Mamut merkataritza guneko sarbideetako batean.
Horrela, trafikoa GI-3631 errepidetik desbideratuko dute (Ihurrita bidea), baita Juansendo kaletik ere (kale horretan lanak egingo dituzten tarteetan ez). Txandakako zirkulazioa jarriko dute hori, behin-behineko seinalizazioa izango duen pasabide alternatibo baten bidez.
GI-2132 errepidearen eta Juansendo kalearen arteko bidegurutzean lanean ari direnean izan ezik, Astigarragatik etorri eta Arizmendi biribilgunera sartu nahi duenak Juansendo kalera sartu beharko du eta GI-3631 errepidea hartuko du Errenteria-Oreretako noranzkoan.
Ugaldetxo industrialdeko 14,4 kilometro puntuko sarreratik eta Mamuteko 14,660 k.p-tik ezin izango da sartu. 13,440 k.p.-kotik sartu beharko da (Mitxelena garraio enpresaren ondoko bidetik).
Lanak bukatuta zirkulazioa normaltasunera bueltatuko dela berretsi du aldundiak.
