Euskara ikastea "etxean bezala sentitzea" izango da AEK-n
Oarsoaldeko AEK euskaltegietan matrikulazioa egin daiteke jada. 2025/26 ikasturteko eskaintza eta berritasunak aurkeztu dituzte.
Pasaiako Badia atzean zutela aurkeztu dute aurtengo matrikulazio-kanpaina. Oarsoaldeko AEK-ko lau euskaltegiek 2025/26 ikasturterako matrikulazio-kanpaina aurkeztu dute gaur. Aurten aukeratu duten tokia Errenteria-Oreretako Bertsalles auzoko begiratokia izan da, badia atzealdean zutela.
Euskara ikastaroetan izena emateko aukera dagoela jakinarazi dute. Aurtengo kanpainaren leloa Euskara eroso eta bizi da. Horrela azaldu dute: “Izan ere, hori nahi dugu: AEKra hurbiltzen diren guztiak euskarari esker erosoago bizitzea. Etxeko eta lagun arteko harremanak euskaraz izateko, lan-egoera hobetzeko, bilatzen ari diren euskara-maila lortzeko eta abar, herritarrek AEKn aukera ugari dituzte”.
Herritarrek horretarako “eskaintza egokia” aurkituko dutela bermatu dute. Lezoko Oroitzene, Oiartzungo Intxixu, Pasaiako Txirritan eta Errenteria-Oreretako Xenpelar AEK euskaltegietan honakoak aurkituko dituzte: euskalduntze-ikastaroak, mailak egiaztatzekoak, C2, autoikaskuntza, merkatarientzako eta gurasoentzako ikastaroak, langabetuentzako trinkoak, mintza-taldeak, Mintzalaguna egitasmoa, eskualdeko irakasleentzako prestakuntza, C1 mailako azterketa prestatzeko eskolak ikastetxeetan…
Besaulkia, irudi
Kanpainaren irudi eta sinboloa besaulki bat da. “Horixe da gure helburua: etxean baleude bezala senti daitezen euskaltegian”, zehaztu dute.
Ikasketa-prozesuan AEK-ko irakasleak “bidelagun” papera jokatuko dutela gogorarazi dute, “beren onena ematen”, hartara ikasketa-prozesua erosoa izan dadin. Iaz 60 ikasle-talde artatu zituzten Oarsoaldeko AEK-ko 30 irakasleek.
Euskaltegietako taldeekin aritzeaz gain, eskualdeko ikastetxeetan zein merkatari elkarteekin ere aritu dira lanean. Gainera, udan talde trinkoak osatu direla gogorarazi dute, HABEren urriko azterketak prestatzeko asmoa dutenekin.
“Doakoa eta irisgarria izan behar du”
Oarsoaldeko AEK euskaltegietako kideek aldarrikatu dute euskara ikasteak “doakoa eta irisgarria” izan behar duela Euskal Herriko herritar guztiontzako. Modu positiboan baloratu dituzte bide horretan azken urteetan egin diren urratsak.
“Eskualdeko udalen diru-laguntzei esker”, azaldu dute, “aurten ere ikasle askok dohainik ikasiko dute euskara, eta ia gehienek jasoko dute matrikulan ordaindutako gehiena edo guzti”.
HABEren sustapen diru-laguntzak ere aipatu dituzte, A2 mailako ikasleei ere zabalduko baitzaie. Beraz, A1 mailako eta 16-18 urteko ikasleek bezala, merkeagoa izango dute matrikula.
24. Korrika, eta ikasgela kanpokoak
Euskaltegiko ohiko eskolez gain, kanpo-ekintzak faltako ez direla iragarri dute. Zerrendatu egin dituzte: euskaltegietako afariak, Mintzagun tailerrak, AEKren liburu eskaintza edo Errigora, beste hainbat “jarduera erakargarri” batzuekin batera.
Ikasturte honetan, 2026ko martxoan, Korrika izango dela gogorarazi dute. Iaz hasi ziren antolatzen 24. ekitaldia. “Korrikaren 24. ekitaldiak sentiaraziko du euskara aterpe ireki eta erosoa dela herritar guzti-guztiontzat”.
Iraileko ordutegia eta kontaktuak
- Lezoko Oroitzene AEK
- Telefono zenbakiak: 607 59 88 71 / 943 51 91 44
- E-posta helbidea.
- 10:00-13:00 / 16:30-19:30 (ostiral arratsaldeetan itxita).
- Oiartzungo Intxixu AEK
- Telefono zenbakia: 607 53 42 63 / 943 49 39 57
- E-posta helbidea.
- 10:00-13:00 / 16:00-19:00 (ostiral arratsaldeetan itxita)
- Oreretako Xenpelar AEK
- Telefono zenbakiak: 607 569200 / 943 340233
- E-posta helbidea.
- 09:00-13:00 / 17:00-20:00 (ostiral arratsaldeetan, itxita)
- Pasaiako Txirrita AEK
- Telefono zenbakiak: 607 54 53 81 / 943 52 55 45
- E-posta helbidea.
- 10:00-13:00 / 17:00-20:00 (ostiral arratsaldeetan, itxita)
