Hitzarmenaren negoziazioa desblokeatu nahi dute etxez etxeko langileek
Hamargarren greba eguna egin dute gaur Pasaiako Etxez Etxeko Zerbitzuko 43 langileek. Gaur goizean manifestazioa egin dute, enpresari jarrera aldatzea eta udalari egoera konpontzea eskatu diete langileek.
Pasaiako Etxez Etxeko Zerbitzuko 43 langileek hamargarren greba eguna dute gaurkoa. Abuztuan hainbat greba egun egin zituzten, eta hilaren 1etik greba jarraian daude, zerbitzua kudeatzen duen azpikontratatutako Matia-Goxara enpresak negoziazioa blokeatua duela salatzeko.
Astelehenean egindako negoziazio bileran, enpresak urratsak egiteko borondaterik erakutsi ez zuela salatu dute langileek. “Matia-Goxara enpresak bere etekinetara bideratu nahi ditu udalak hitzarmena hobetzeko agindu dituen baliabide ekonomikoak”, adierazi dute.
Etxez etxeko zerbitzuko langileak “oso egoera prekarioan” ari direla salatu dute LAB eta ELA sindikatuek, eta zerbitzu publikoa izan behar lukeen zerbitzu hori azpikontratatuta egotearen ondorioak pairatzen dituztela gaineratu dute. “Langileen lan baldintzak eta zerbitzuaren kalitatea lehenetsi beharrean, zerbitzuaren kudeaketa enpresa pribatuaren eskuetan geratzen denean, diru publikoarekin etekina handitzea dute helburu”, esan dute sindikatuek.
Sindikatuek adierazi dute etxez etxeko zerbitzua “ezinbestekoa” dela pasaitarrentzat eta langileek egiten duten lanaren aitortza ere “ezinbestekoa” dela. “Dagozkien lan baldintza duinak eta hitzarmena eskatzen dute soilik, lan osasuna eskubidea dela oroitaraziz”, zehaztu dute.
Hori dela eta, enpresari jarrera aldatzea eta udalari egoera konpontzea eskatu diete langileek. Gaur goizean manifestazioa egin dute langileek, Trintxerpetik hasita. Egoera konpondu ezean, hilabete osoan greban jarraituko dutela iragarri dute langileek.
