Euskararen komunitateko partaide izateko gonbita egin die lezoarrei Oroitzene AEK-k
Herriko euskaltegiak eta udalak euskara ikasteko landu dituzten aukerak eta laguntza baliabideak aurkeztu dituzte gaur.
Oroitzene AEK-ko kideak eta Iker Salaberria zinegotzia, gaurko aurkezpenean. “Euskaraz eroso ikas eta bizi daitezela”. Hori da Lezoko Oroitzene AEK euskaltegiak herritarrei begira duen desioa, eta bide horretan, eskura dituen baliabide guztiak jarriko dituztela ziurtatu dute euskaltegikoek gaur, ostirala, Lezoko Udalarekin batera egindako agerraldian. Oroitzeneren partetik Idoia Arbelaitz AEK-kideak eman ditu azalpenak, eta udalaren eledun Iker salaberria Euskara zinegotzia izan da. Euskararen komunitateko partaide izateko gonbita egin die lezoarrei Oroitzene AEK-k, eta udalak horretan lagunduko dituela azaldu du. Matrikulazio kanpaina betean da Oroitzene, Euskara eroso bizi eta ikasi du lelo izen emate aroak.
Salaberriak herrian euskara ikasteko gogoa badagoela adierazi du: “Herritarren artean euskara ikasteko edota euren euskarazko gaitasuna hobetzeko gogoa indarberrituta dabil, eta horren erakusle da iaz 60 ikasletik gora matrikulatuta izana AEKn”. Arbelaitzen arabera, ikasturte berriaren leloa Euskara eroso ikasi eta bizi izanik, denontzat euskara ikastea erraza izan dadin da helburu nagusia: “Euskara ikasteko bide horretan, guztiok ez gaude leku berean, baina Oroitzenen den-denok daukagu tokia. Aurten ere eskaintza zabala daukagu, behe mailetatik hasi, eta goi mailetaraino. Goizez, eguerdiz nahiz arratsaldez jaso daitezke eskolak, baita txandaka ere; eta guztion beharretara egokitu ahal izateko, autoikaskuntza ere badaukagu”.
Udalak eta AEK-k garbi dute: “Lezok euskal hiztunak zein euskara ulertzen dutenak behar ditu. Horretarako, Lezoko herriak ikasle horiei hainbat baliabide eskaintzen dizkie euskara eroso ikasteko zein bizitzeko”. Zentzu horretan, udalak diru laguntza sistema ezarria du, izena eman eta eskoletako asistentzia %75 gutxienez denean matrikula osoa itzuliko zaie ikasle horiei, maila gainditu behar izan gabe. Gainera, 0-12 urte bitarteko haurrak dituzten guraso zein aitona-amonen kasuan, soilik matrikularen %33 ordaindu beharko dute; %75eko asistentzia bermatuta, doan aterako zaie haiei ere matrikula.
Beraz, lezoarrei gonbidapena egin diete “Euskara eroso ikasi eta bizi” dezaten, egunerokoan eta aurreiritzirik gabe. “Euskaraz bizi nahi dugun guztiok ahalegin hori eskertuko diegu, eta udaletik bide hori ahalik eta erosoena izan dadin laguntzen saiatuko gara”, aldarrikatu du Salaberriak. “Gu lanean hasi gara jada, indarberrituta eta gogotsu. Hortaz, komunitate honetako partaide izatera gonbidatu nahi zaituztegu”, egin die gonbidapena Arbelaitzek.
Komunitate hitza aipatzerakoan, ez dute soilik ikasgela barruko gaietaz hitz egin nahi izan. “Ikasturtean zehar ere hamaika egitasmo antolatzen ditugu elkarlanean, gure helburua ez baita soilik ikasleek euskara ikastea, baizik eta ikasten duten hori euren herrikideekin erabiltzea: lanean, kirolean, kulturan, aisian… Euskara ikasteak, hizkuntza bermatzeaz gain, komunitate eta sare berri baten kide izan, eta mundu berri bat ezagutzeko parada eskaintzen dio euskara ikasleari”. Oroitarazi dute 2026ko udaberrian 24. Korrika izango dela, eta horrek ere balioko duela komunitate izaera indartzeko.
Oroitzene AEK euskaltegia Donibane kaleko 12. atariko behealdean dago. Duten eskaintzaren berri zehatz izateko hara joan daitezke interesdunak (astegunetan 10:00etatik 13:30era eta 16:30etik 19:30era); 607 59 88 71 telefono zenbakia ere prest dute kontsultetarako, baita posta elektronikoa ere. Irailean zehar eman daiteke izena, eta eskolak urrian hasiko dira.
