«Nahi duguna da jendeak Pasaiako erraldoien konpartsa ezagutzea»
Olatuaren gainean da Pasaiako erraldoien konpartsa, osasun ona baitu. Markel Oyarzabalek kudeatzen du, eta herriko jaiak pasata, haien eginkizunak kontatu ditu HITZAn.
Erraldoiak herrietako ikono bihurtzen dira festetan. Pasaian Mikeletek, Inudeak, Arrantzalek eta Batelerak ematen diote kolorea herriari. Markel Oyarzabal Elgorriaga (Bera, Nafarroa, 2003) da Pasaiako konpartsaren zuzendaria, eta herriko jaiak pasata, kudeatzen duen konpartsaren inguruan mintzatu da.
Nondik datorkizu erraldoiekiko zaletasuna?
Txikitatik datorkit. Nire herriko erraldoiekin hasi nintzen. 15 urterekin buruhandi bezala atera nintzen, gustatu zitzaidan, eta erraldoiak eraman nituen ondoren.
Berakoa zara baina Pasaiako konpartsan zaude. Nola iritsi zinen Pasaiara?
Kasualitatea izan zen. Irungo Atsegiñako konpartsan ari nintzen, eta Pasaiako konpartsa eramaten zuen kidea ere bertan zen. Bakarrik zegoen Pasaian, eta laguntza eskatu zigun. Hor hasi nintzen Pasaian.
Egun Pasaiako konpartsaren zuzendaria zara. Nola doakizu?
Iritsi nintzenean konpartsa egoera kaskarrean zegoen. 2022an izan zen hori. Bi erraldoiak egoera txarrean zeuden, xehatuak eta arropa zaindu gabe. Bi pertsona ginen, eta horrela oso zaila zen aurrera egitera. Gauzak aldatzen hasi ginen, elkartea sortu genuen, eta orain oso pozik gaude. Udalarekin hitzarmen bat sinatu dugu elkartea sortzeko eta aurrera goaz.
Pasaiako bi erraldoi ere aurkitu zenituen. Nolatan?
Pasaiako konpartsan sartu nintzenean Mikelete eta Inudea zeuden. Pasaiakoaz gain, Urnietako konpartsan ere banintzen. Entzuna nuen istorio bat Urnietan erraldoi zahar batzuen lau buru zeudela. Galdezka aritu ginen, eta konturatu ginen Pasaiako erraldoiak zirela. Duela 17 urte erabili ziren bertan eta ez ziren bueltatu. Esan nuen horiek Pasaiara itzuli behar zirela. Falta ziren bi buruak Arrantzale eta Batelerarenak ziren, zaharberritu genituen eta orain lau erraldoi ditugu.
Pasaiako jaiak pasata eta uda ia bukatuta, nolakoak izan dira azken hilabeteak?
Topera ibili gara. Pasaian lau barruti dauzkagu, eta lauetan egin ditugu irteerak. Pasaiatik kanpo ere izan gara. Uda nekagarria izan da, baina kontent gaude. Nahi duguna da jendeak Pasaiako konpartsa ezagutzea.
Nola ikusten duzu konpartsen etorkizuna?
Mundu honetan gutxi gaude, baina gu orain ondo gaude. Hasi ginenean bi kide ginen, eta orain hogei pertsonako talde bat gara. Buruhandiekin haur txikiak daude. Orain, gainera, nahiko famatu egin dira erraldoiak, jende guztiak ditu kamisetak eta gomazko erraldoiak. Uste dut ondo goazela.
Nolakoa da zuen egunerokoa?
Entseguak egiten ditugu. Jendea animatzen saiatu gara entseguetara etortzeko, eta lortu izan dugu. Nahi duguna da jendeak probatzea eta animatzea. Neska bat ere badugu taldean, eta leku gutxitan ikusten da hori. Neskak animatu nahi ditut probatzera.
Etorkizunera begira, zer?
Pasaiako konpartsako arduradun bezala, herrian etorkizunerako egingo diren kultur eraikinetan espazio duin bat nahiko nuke. Horrela, erraldoiak txukun gordetzeko aukera izango genuke, haiek desmuntatu gabe, gure jarduna hobeto bideratzeko. Horrez gain, herritarrek erraldoiak bisitatzeko aukera izango lukete. Finean, erraldoien etxea litzatekeen espazio bat nahiko genuke.
