Gazteek ireki dituzte santakrutzak
Atzo gazte olinpiadak egin ondoren, gazte bazkaria izan dute gaur eguerdian Lezoko gazteek.
Gazteek eman diete hasiera Lezoko santakrutzei. Gazte olinpiadekin abiatu zuten jaietako egitaraua atzo (hilak 5), eta giro onean igaro baldin baziren ere, alde batetik bestera lehian ibili ondoren indarra berrartzeko beharra zuten. Hala, Gazte Egunaren egitarauaren barnean, gazte bazkaria izan dute gaur (hilak 6), 14:30ean.
Batzuk paella bila, besteak txosnara trago bila; gose ala egarri, giro paregabean hasi dute herriko gazteek jaietako bigarren eguna. Gazte Eguneko kamisetak soinean, urdinez jantzi dute Lezoko Karlos Saldise plaza.
Baina, jaia hasi baino ez da egin. Bazkalostean, indarberriturik, zuzuzunba, elektrotxaranga, erromeria eta DJa izango dituzte parrandan jarraitzeko.
Gazte Eguneko egitaraua
- 17:00: Tiki ta Riki zuzuzunba herrikoia Karlos Saldise plazan.
- 18:00: Sakatu Elektrotxaranga Karlos Saldise plazatik hasita.
- 21:00: Bide Batez erromeria Karlos Saldise plazan.
- 00:30: DJ Potzons Karlos Saldise plazan.
