Aria taldeak bideoklipa aurkeztuko du primiziaz, Emakumeen Etxean
Ariak bigarren diskoaren aurrerapen gisa 'Dantzaren iraultza' singlearen bideoklipa aurkeztuko du gaur, primiziaz, Emakumeen Etxean.
Aria Musika taldea Aria musika taldea bere bigarren diskoa kaleratzear da eta aurrerapen gisa Dantzaren iraultza singlea argitaratuko du.
Abestiak emakumeen dantzarako eskubidea aldarrikatzen du, lotsarik eta beldurrik gabe neska eta emakume oro munduko edozein txokotan eta dena delako estilotan aske eta lasai dantza eta bizi dadin.
Emakumeen Etxeak gaur bertan hartuko du bideokliparen aurkezpena primizian, eta ekitaldian, gainera, zuzeneko musika izango da. Bideokliparen aurkezpena 18:30etik 19:30era izango da eta sarrera librea izango da.
2023an sortu zuten Aria taldea Donostian eta pop kantak euskaraz egiten ditu, giro intimista eta ukitu elektronikoak uztartuta. Musika proiektuaren oinarria, Marina Landa kantautorea da. Iñaki Ortego Lauroba taldeko pianista ohiak (teklatuak), Ion Larrañagak (bateria), Badmintones eta Aphaxia taldeetan ibilitako Iñaki Olaskoagak (gitarra elektrikoa) eta Alargun Beltzak taldeko Maialen Urretabizkaiak (baxua) osatzen dute talde donostiarra.
2023ko abenduan kaleratu zuen taldeak lehenengo diskoa, Urdin. 2024ko azaroan Uhara singlea kaleratu zuen boskoteak.
