'Hil artean bizi', Ilargiren hirugarren diskoaren abiapuntu
Azaroan kaleratuko duen disko berriaren aurrerapen kantuaren berri eman du musikari lezoarrak. Dolua da azken lan horren oinarri.
Hil artean bizi. Hirugarren diskoa labean du Ilargi musikari lezoarrak, eta lan luzearen aurrerapen bezala izenburu hori duen kantua zabaldu du. Azaroan argitaratuko du diskoa. Abestia Iñurri elkarteko Elena Guinea Elenita eta Eba Tomasenaren testigantzetatik abiatuta sortu zuen, minbiziak eragiten duen doluaren gaineko gogoeta egiteko. Ines Osinaga eta Marina Landa izan ditu bidelagun ahotsetan. Haritz Harreguyk grabatu eta nahastu zuen abestia bere estudioan, eta perkusian Mikel Zubiria eta gitarran Manu Moro izan zituen lagun sortzaile gazte lezoarrak.
2022an hil zen Ilargi Arrizabalagaren aita. Orduan ohartu zen doluaren gainean gizartean eraikia dagoen tabuaz, hark azaldu duenez. Hala iritsi zen minbiziaren gaia jorratzera, Iñurri elkartearekin harremanetan jarriz. Iñurriren Hil artean bizi esaldiarekin jolastuz sortu du diskoaren aurrerapen abestiaren izenburua, arte hitza artea-rekin ordezkatuz, “heriotza ekintza artistiko batean bilakatuz, eta ekintza horretan bizitzaren balioa nabarmenduz”, zehaztu du musikariak.
Elkarlanean sortutako abestia da single berria. Ines Osinagaren eta Marina Landaren partaidetzaz gainera, hitzartzean kantuaren protagonistek parte hartu dute, Elena Guineak eta Eba Tomasenak. Bideoklipa (behean dago), berriz, film labur kutsukoa da: “Bertan, minbiziaren diagnostikoa jasotzen duen ama baten istorioa ageri da, une zailak, bere alabaren goxotasunean igarotzen dituelarik. Amaieran, hain garrantzitsua den sostengua ageri da: Iñurri elkartearen iñurritegia”.

‘Hil artean bizi’-ren bideoklipean parte hartu dutenetako batzuen talde argazkia.
Bideokliparen gidoia, errealizazioa eta muntaia Jon Alberto Lejardik burutu ditu, aktore lanetan Elenita eta bere iloba, Lur Serrano aritu direlarik. Figurante gisa, Iñurriko kide ugarik hartu dute parte: Mari Carmen Lasurtegi, Mayu Olalde, Maoxe Arana, Aintzane Artola, Edurne Saez, Norma Andrade, Peru Kortabarria, Uxue Kortabarria, Maria Guinea, Aritz Aranburu, Saioa Alonso, Oihana Arakistain, Lorea Anacabe, Marta Diez, Maren Diez, Eli Bergaretxe, Amaia Zabala, Amaia Ullate, Lorea Martinez, Nahia Intxausti, Sandra Barkaiztegi, Naiara Ormazabal, Elena Rodrigo, Irati Urionaguena, Ane Larruskain, Marixa Berriozabal , Onditz Mendizabal, Jone Unzalu, Ione Pagonabarraga, Arrate Igarza, Eba Tomasena, Yolan Ibarzola eta Janire Vazquez.
“Oso prozesu aberasgarria izan da niretzat. Asko ikasi dut bizitza eta heriotzaren inguruan. Heriotza denoi iritsiko zaigu, askotan kontziente ez garen arren. Horregatik, azken momentura arte bizi behar gara: Hil artean bizi”, adierazi du Ilargik.
