Santakrutzetan, Palestina
Herriko 50 eragile baino gehiagoren bultzadarekin Palestinari babesa adierazi eta Israeli genozidioa eteteko mobilizazioa egingo dute larunbat arratsaldean, festak hasi aurretik.
Hilaren 5ean, Gernika-Palestinak deitutako burrunba egin zen Lezon.
Larunbateko txupinazoarekin (19:00) hasiko dira ofizialki 2025eko Santakrutz Festak. Aurretik, ordea, Lezok Palestinako herriari elkartasuna adierazi, eta Israeli han egiten ari den genozidioa geldi dezala eskatuko dio. Izan ere, herriko 50etik gora eragile deitutako mobilizazioa izango da herrian, 18:00etan Gurutze Santuaren plazatik abiatuta. Lezo Palestinarekin, genozidioa stop! lelodun mobilizazioa izango da.
Festa bat, baina elkartasuna ere bai. Lezoko eragileek erabaki dute ezin dutela isilik egon Palestinaren gertatzen ari denaren aurrean. Eragileen artean, Lezoko Udalak ere bat egin du jarduerarekin, eta EH Bilduren eta EAJren udal taldeek bat egi dute horrekin, eta gainera, lezoarrei parte har dezatela eskatu diete.
Udal gobernu taldearen izenean hitz egin du Mikel Arruti alkateak: “Nahiz eta ospakizunerako eta alaitasunez bizitzeko egunak diren, ezin dugu ahaztu egun leku askotan ez dutela ospakizunerako ez alaitasunerako lekurik. Herriak ez du alde batera utzi nahi izan palestinar herria jasaten ari den genozidioa. Gure herriaz harro gaude. Lezoko udal gobernu taldetik irmoki gaitzesten dugu Israelgo estatua Gazan egiten ari den genozidioa eta elkartasuna adierazi nahi diogu palestinar herriari. Beraz, lezoar guztiak manifestaziora joatera gonbidatzen ditugu”.
Ostiraleko astekarian, gaiari buruzko erreportajea argitaratuko du HITZAk. Hori webgune honetan ere irakurtzeko aukera izango da.
