Barraketan ere euskaraz
Udala eta ferialariek santakrutzetan barrakak "euskaldunagoak eta herritar guztientzat izango" direla hitzartu dute. Horretarako bost neurri adostu dituzte.
Lezoko Udalak santakrutzetako egitarauaz harago joan nahi izan du aurtengoan, eta ferialariekin harremana egin du. Izan ere, “Jai Batzordeak eta herriak dituen baloreak barraketan ere adieraziko dira, barrakek eragin positiboa eduki dezaten jaietako bizikidetzan”.
Hala, jaiak “euskaldunagoak eta herritar guztientzat izan daitezen”, zenbait neurri hitzartu dituzte barraketarako, hala nola, bertan jarriko duten musikaren % 80 behintzat euskarazkoa izango dela. Bestetik, prezio finkoa ezartzea adostu dute, hortaz, bidai bakoitzak 2,5 euro balioko ditu, eta bost bidaien bonuak hamar. Hori gutxi ez, eta umeen egunero, hilaren 18rako, 1,5 euroan finkatu dute bidaia.
Gainera, ingurumena ere kontuan hartuko dute aurtengoan. Hain zuzen, barraken ingurunea “ahalik eta garbien mantentzeko” lan egingo dute, eta beraz, udalak zabor ontziak jarriko ditu jaiak bukatu arte. Azkenik, inklusioari ere berebiziko garrantzia eman diote. 17:00etatik 18:00etara ez da musika eta soinu ozenik egongo barraketan, eta “horrela, pertsona autistek edo entzumen hipersentikortasuna duten pertsonek ere barraketaz gozatzeko aukera izan dezakete”.
