'Etorri euskarara!': ikasleen gurasoentzako doako euskara klaseak
Udalak, AEK-k eta UEMAk elkarlanean antolatu dituzte ikastaroak. Seme-alaben ikastetxean bertan jasoko dituzte gurasoek euskara klaseak.
Ikasturte hasiera honetatik aurrera Oiartzungo ikastetxeetako gurasoek badute “euskara modu praktikoan eta eraginkorrean ikasteko” modua. Izan ere, Oiartzungo Udalak, AEK-k eta UEMAk Etorri euskarara! izeneko ikastaroak antolatu dituzte. Doakoak izango dira klaseak, eta seme-alaben ikastetxean bertan, hau da, Elizalde Herri Eskolan edo Haurtzaro Ikastolan, emango dira.
AEK arduratu metodologia prestatzeaz: “Finean, seme-alaben ikasketa prozesuan bidelagun izateko baliabideak izatea, gurasoen arteko harremanetarako oinarrizko ezagutza eskuratzea eta euskara lehenesteko estrategiak garatzea helburu izango duten ikastaroak izango dira”.
“Estrategikotzat” jo dute proiektua antolatzailek, “esparru akademikoa alde batera utzita, beraien eguneroko zereginetan erabiltzeko” baliagarria izango baita ikastaroa gurasoentzat.
Hilaren 19ra arte eman daiteke izena, ikastetxeetan bertan edo interneteko inprimakiaren bidez. Urritik aurrera 120 klase ordu egingo dituzte gurasoek, astean bi orduko maiztasunarekin.
