XIV. mendeko Nafarroako Erresumara jauzia
Erdi Aroko Jardunaldien hirugarren ekitaldia antolatu dute hilaren 18tik 20ra. Urtero bezala, Euskal Herriaren historiako gertakari bat oroituko dute, eta 1234an Nafarroako Erresuma Gipuzkoa berreskuratzear egon zenekoa izango da aurten.
Iazko Erdi Aroko Jardunaldien irudia da honakoa. Erdi Arora bidaia egingo du Oiartzunek, hirugarrenez. Euskal Herriaren edo Nafarroako Erresumaren historia ardatz, 2023an ekin zioten herrian Erdi Aroko Jardunaldiak antolatzeari. Hiru eguneko jardunaldiak izango dira aurtengoak eta literatura, musika, azoka eta antzerkia bilduko dituzte, besteak beste, hilaren 18tik 20ra. Itxura berezia izango dute Elizaldeko txokoek bitarte horretan.
Lehen egunean, hilaren 18an, Xabier Irujo, Unai Belaustegi eta Iñaki Lopez de Luzuriagak idatzitako Iraganaren lekuko. Euskal Herriaren historia liburua aurkeztuko dute, egileetako birekin; Lopez de Luzuriagak presentzialki parte hartuko du, eta Irujok telematikoki.
Musikaren txanda izango da biharamunean, hilaren 19an. Ensemble La Danserye-k, Erdi Aroko musika interpretatzen duen taldeak, Landetxe Kultur Aretora gerturatuko diren entzuleak iraganera eramango ditu bere doinuen bidez.
Azkenik, larunbatean (hilaren 20a) iritsiko da egitarauko egun handia. Goizetik izango da zabalik Herri Azoka, eta joan den urtean bezala, 30 bat postu inguru jarriko direla zehaztu dute antolatzaileek. Aldi berean beste zenbait jarduera egingo dituzte. Diana eta pregoiarekin hasiko dute eguna, eta eguerdian Nafarroako gorteari harrera egingo diote. Bazkalostean, erromeria eta ospakizun historikoaren unea izango da. Hain zuzen, Gipuzkoa Nafarroako Erresumara berriz ere batzea ahalbidetuko zuen Blanka Nafarroakoaren eta Gaztelako Alfonsoren arteko ezkontza izango da oroituko duten gertakaria. Hortaz, San Joan kaperara joango dira ezkontza antzeztera, baina adi, ezusteko bukaera izango du baitu ospakizunak.
Berritasun nabarmen bat izango dute aurtengo jardunaldiek. Iragan bi urteetan herri bazkaria itxia izan zen, modu batera edo bestera parte hartu zutenentzat soilik. Aurtengoa, baina, denei irekia izango da, eta antolatzaileek txartelak salgai jarriko dituzte astelehenera arte (hilaren 15era arte) Miren tabernan eta Garmendi txokolategian, 20 euroan.
Haurrentzako ere Euskal Herriaren iraganari buruz ikasteko aukera paregabea izango da. Txikien Erresuma bilakatuko dute Zimitiyua hilaren 20an, eta eskulanak egiteko eta jolasteko gunea izango dute bertan. Gainera, haurren txokotik abiatuko da Amaia Fernandez ipuin kontalaria, eta plaza ingurura iritsi arte ipuin ugari kontatuko ditu.
XXI. mendetik XIV.era
Lehen ekitaldian, 2023koan, 1366. urtera itzuli ziren herritarrak, Libourneko hitzarmena sinatu zuten urtera hain zuzen ere. Izan ere, urte hartan bertan gerra zibila piztu zen Gaztelako Erresuman, eta kanporatutako erregeak laguntzaren truke Gipuzkoa eta Araba itzuliko zizkiola hitz eman zion Nafarroari. Itunak, ordea, zazpi urte baino ez zituen iraun.
Iaz, 824an Iruñeko Erresuma sortu zela baliatuz, horren 1200. urteurrena oroitarazi zuten. Orreagako guduan frankoak garaitu ondotik, nafarren batasuna bermatzeko zortzi mendeko biziraupena izango zuen erresuma sortzea erabaki zuten, Eneko Aritza buru zutela.
Aurten, aldiz, 1234ra egingo dute jauzi. Urte hartan hil zen Nafarroako Antso VII. Azkarra, eta Aragoiko Jaime I. Erregeari utzi zion koroa oinordetzan. Horrek, ordea, kezka sortu zuen Nafarroako Elizaren eta nobleen artean, ez baitzuten beren subiranotasuna galdu eta Aragoiren menpe gelditu nahi. Hori dela eta, zendu berri zen erregearen ilobarengana jo zuten, Tibalt I. bilakatuko zena. Azken horrek Aragoiren oldarraldiari aurre egiteko Gaztelarekin aliantza sortu nahi izan zuen.
Hala, haren alaba, Blanka Nafarroakoa, Gaztelako Alfonsorekin ezkontzea hitzartu zuen, besteak beste, 1200. urtean Gaztelak konkistatutako Gipuzkoako lurraldea Nafarroako Erresumari itzuliko zitzaiola adostu baitzuten. Izan ere, konkistatua izan zen urtetik negoziazio guztietan egon zen mahaigainean Gipuzkoaren itzulera. Dena dela, Tibalt I.ak Nafarroa Gaztelaren menpe geldituko zela aurreikusi, eta hitzarmena bertan behera uzteko hautua egin zuen.
Oiartzungo Erdi Aroko Jardunaldiak. Egitaraua.
Hilak 18, osteguna
- 19:00. Iraganaren lekuko. Euskal Herriaren historia liburuaren aurkezpena Arizmendienean.
Hilak 19, ostirala
- 19:00. Ensemble La Danseryeren kontzertua, Landetxen.
Hilak 20, larunbata
- 10:00-14:00. Herri Azoka Done Eztebe plazan, eta Txikien Erresuma Zimitiyuan.
- 10:00etatik. Dianak Oidultzekin.
- 11:00. Pregoia udaletxe aurrean.
- 11:30. Gaztelako gortea iritsiko da.
- 12:00. Amaia Puin ipuin kontalaria.
- 13:30. Nafarroako gortea iritsiko da.
- 14:00. Herri bazkaria Kontzejupean.
- 16:30. Ezpata borrokak plazan.
- 17:00. Erromeria Kontzejupean, Soinueneako musikariekin.
- 18:00. San Joan kaperan, Blanka Nafarroakoren eta Gaztelako Alfontsoren ezkontza.
