Babesa eta elkartasuna Palestinarako bidean dira
Lezoko dozenaka eragilek deitutako mobilizazioa egin dute santakrutzak hasi atarian, Palestinako sufrimendua festetan ere presente dutelako herrian.
Festak herrien izaera, nortasuna eta kohesioa indartzeko eremu omen dira. Gaur, hiru elementu horiei beste bi erantsi dizkiete lezoarrek: elkartasuna eta babesa. Agian, seigarren bat ere bai: amorrua. Palestinako herriari elkartasuna eta babesa; Israelen genozidioaren aurrean, amorrua. Herriko 50etik gora eragilek deitutako mobilizazioa egin dute gaur Lezon Palestinako herriaren alde, Israelgo Estatu suntsitzaile eta hiltzailearen kontra. Santakrutzak ofizialki hasi aurretik egin dute festa kutsuko, baina mezu irmoko ekintza oso-oso jendetsua. Ziur gaur Lezon gertatu dena Palestinarako bidean dela, ahal balitz, han sufritzen ari direnei irribarre erdi bat ateratzeko, itxaropen izpi bat sentitzeko. Eta jakiteko Euskal Herria izeneko nazio batean badela herri bat, Lezo, dantzan, kantuan eta parrandan hasi aurretik haietaz oroitu dela. Euskal Herriko txoko askotan era askotara ari da jasotzen babesa Palestinako herria. Gaur, beste herri oso batek zabaldu nahi izan du elkartasun garrasia.
Handia. Oso handia. Ziurrenik Lezon egin den manifestazio handiena izan da arratsaldekoa. Isila. Bidea zabaltzen Gernika-Palestina Herri Ekimenak sortutako olerkiak. Plaza, Kale Nagusia, Jaizkibel hiribidea eta Zubitxo kalea estuegi gelditu dira zapi palestinardun sorbaldez betetako martxari bide emateko. Behin plazan, jende multzoak adi-adi entzun ditu hizlarien mezuak. Bafleetatik hitz jarioa eten denean, txalo zaparrada luzea. Agian, Gazan ere entzun dute eskuen talkaren hotsaren zarata. Lezo Palestinarekin, genozidioa stop! izan da gaurko martxaren leloa.
Mobilizazioa bukatzeko herriko 50etik gora elkarte eta eragilek sinatutako agiria irakurri dute (behean dago testua, eta beherago eragile guztien zerrenda). Lezoko kaleak zeharkatu dituen martxak adierazitakoa hitzetara eraman dute Arrate Arrizabalagak irakurri du testua. Horren aurretik, ordea, mobilizazioaren bultzatzaileek zehaztu dute Lezoko herriak ezin zituela festak ospatu Palestinako herria bizitze ari den genozidioa salatu gabe, eta erantzun horretan, atxikimenduen bilketan izan direnei zorion mezua helarazi diete, gazteei gatez ere, “zuek zarete eredu”. Gainera, gaurkoaren dimentsioa zer nolakoa izan den adierazteko, datu bat helarazi dute antolatzaileek: atzo (ostirala) Palestinako 500 zapi eta 60 bandera iritsi ziren herrira, lezoarrek eros zitzaten: denak agortu egin dira Salmenta horrekin ateratako dirua Mundubat gobernuz kanpoko erakundeari emango diote, Palestinan elkartasun lanean jarrai dezan.
Gainera, duela 89 urte Lezon izandako gertaera bat oroitarazi dute, Etxetxo Lezoko Memoria Historikoaren taldearen ekimenez: 1936ko irailaren 13an, gaur duela 89 urte beraz, eta lezoarrak festak ospatzeko asmoz zeudela, Francoren aldeko indar faxistak Lezon sartu ziren tiroka, eta horren ondorioz handik bi egunetara Joxe Mari Larreta Intxaurrandieta 8 urteko haurra hil zen. “Faxista haien oinordekoek bizirik diraute, ez gaitezen deskuidatu”.
Beraz, jarraian, gaurko mobilizazioa bukatzeko Arrate Arrizabalagak entitate deitzaile guztien izenean irakurri duen testua:
Santakrutzak ate joka ditugu eta elkarrekin kantuan eta dantzan gozatzeko egunak diren arren, eragileok palestinar herria jasaten ari den genozidioa salatu nahi dugu. Izan ere, hamarkadak dira Israelgo Estatuak palestinar herritarrak bere lurraldetik bota eta sarraskia martxan jarri zuenetik.
Azken bi urte hauetan, kanpaina militarra zena genozidio bilakatu da. Israelgo estatuak bonbardaketak hasi zituenetik milaka pertsona erail dituzte, baita haien bizileku eta eraikin publikoak suntsitu ere, gainera, laguntza humanitarioa bertara sartzea ukatuz, herri oso bat gosez eta gaixotasunez hiltzera zigortu dute.
Bitartean munduko herrialde nagusiek hipokrisia handiz ez dira egoera hau geratzeko nahikoa egiten ari. Zer ezkutatzen da jarrera honen atzean?
Palestinar herriak eta munduko edozein herrik bere lurraldeak burujabe eta aske izateko duen eskubide aldarrikatu nahi dugu.
Deialdi honetan parte hartzen dugunok, ezin dugu egoera honen aurrean isilik geratu, eta oinarrizko eskubide guztiak urratuak izaten ari diren honetan gure amorrua ozen adierazi nahi dugu.
Bide batez, herritar guztiak Palestina jasaten ari den egoera genozida salatzera gonbidatzen ditugu.
Lezo palestinar herriarekin! Genozioa Stop! Palestina libre! Israeli boikota!
Jarraian, mobilizazioaren hainbat irudi eta bideoa.
Mobilizazioarekin bat egin duten eragileen zerrenda
Aiton Borda, Allerru, Allerruko danborrada, Altamirako AE, Amezti Dantza Taldea, Arkirun, Betizutik, Errota guraso elkartea, Etxetxo, Lezoko EH Bildu, Lezoko EAJ, Gaintxu, Gainxurizketako AE, Gaxuxa, Hezikuntza guraso elkartea, Ikama, Iratzerri, Iruntzen, Ixkulin, Jaixki AF, Jaizkibel-Allerru Ehiza eta Arrantza Elkartea, Lezo-Jaizkibel mendi lasterketa, Lezoarrak Korrikalari Taldea, Lezdi, Lezoko baserritarrak, Desfile Taldea, Lezoko Caritas, Dantzazaleak, Eztandak, Trapujale Taldea, Zinema Ttikia, Lezokoak elkartea, Lezo Institutuko langileak, Mañontzi Bertso Eskola, Munttar Txistulari Taldea, Munttarpe, Murixka, OMK, Oroitzene AEK, Orratx!, Ernai, Piztu Lezo, Lezoko Sare, Sats Herri Kirol Taldea, Lezoko Sortu, Tiñelu, Txerrimuño, Txirbilla, Xoxolur, Zabarre Taldea, Zubitxo Dantza Elkartea, Lezo Herri Eskola.
