EPLEren Pilota Eskolak zabalik du izena emateko epea
Aste honen hasieran abiatu dute ikasturtea esku pilotan eta palan pilota eskolako kirolariek.
Agustina Otaola pilotalekua Epleko pilota eskolako kirolariak martxan dira. Atzo hasi zuten ikasturtea, eta izena emateko epea ere atzotik dago zabalik, ekainaren erdialdera arte. Esku pilota eta plana aritzeko aukera dute pilota eskolaren barruan. Esku pilotan benjamin (2016-2017) eta alebin (2014-2015) kategoriak aritzen dira; lehenek, astearte eta ostegunetan dituzte entrenamenduak 17:00etatik 18:00etara, eta bigarrenek, asteazken etan 17:00etatik 18:00etara eta ostegunetan 18:00etatik 19:00etara.
Pala ikastaroei dagokienean, alebin, haur eta kadete kategoriei zuzenduta daude (2010-2015) eta astearteetan egingo dituzte entrenamenduak 18:00etatik 19:00etara.
Izena emateko epea zabalik dago, doakoa da eta interesdunek Agustina Otaola frontoira jo behar dute, “bi modalitateak konpromisorik gabe probatzeko aukera izango dute bertan”.
Iazko ikasle kopurua handitzea du helburu Epleren Pilota Eskolak aurtengo denboraldian, “75 haur eta gazte gerturatu ziren iaz, eta kopuru hori gainditu nahi dugu aurten”. telefono zenbaki bat ere jarri du informazio gehiago nahi dutenen eskura Eplek, honakoa: 680 71 94 22.
Federatuak
Federatuen lehia ere martxan da joan den astetik Kadete, Gazte eta Senior kategorietan. Hamabi talde ditu Eplek: lau esku pilota bikoteka kategorian, hiru larruzko paletan, eta bost gomazko paletan. lehen jardunaldian 11 partida jokatu zituzten Epleko pilotariek, eta horietatik zortzi irabazi eta hiru galdu. Larruzko Paletan plenoa egin zuten Eplekoek, hiru partida eta beste hainbeste garaipen. Txapelketa ezin hobe hasi dute Errenteria-Oreretakoek, hortaz.
Pilotazaleei gogorapena ere egin die klubak. Karteldegia, partiden emaitza eta euren jarduerarekin zerikusia duen oro Epleren webgunean kontsulta dezakete (klik hemen).
